Atzerapenarekin hasi ziren antxitxika maratoilariak eta Bilbao Bizkaia Marathon lasterketako antolatzaileek barkamena ere eskatu behar izan zieten. "Barkamena eskatu nahi dugu eragindako atzerapenagatik. Egindako kalteaz jabetzen gara, eta etorkizunean horrelako gertaerak saihesteko neurriak hartuko ditugu", azaldu zuten. Irteera atzeratzeko erabakiaz "azken orduko ezusteko batek" lehiaketaren erabateko segurtasuna bermatzea eragozten zuela argitu zuten. Irteera eman ostean, Zapaniah Kipyego keniarra gizonezkoetan (2.12: 48), eta Maria Mercedes Pila ekuadortarra (2.47: 18), emakumezkoetan, izan ziren helmugara ailegatzen azkarrenak.
Igor Torres Castilla elgoibartarrak maratoi batean zuen marka pertsonala ondu zuen 2 ordu 35 minutu eta 41 segundorekin. Denbora horri esker, sailkapen nagusiko 11. postua eskuratu zuen, eta bigarrengoa Master 40 kategorian. Eta hori, denak alde ez zituen arren. Batetik, ez zitzaion ibilbidea batere gustatu, eta bestetik, ipurmasaileko minarekin ibili da azken asteetan eta parte hartu ala ez zalantzan ibili zelako. Arriskatu eta parte hartzea erabaki zuen, eta ondo irten zitzaion, marka ondu baitzuen. 25. kilometrora arte sentsazio bikainak eduki zituela azaldu du, baina hortik aurrerako kilometroak "miseria bat" izan zirela. Gainera, eginiko gehiegizko esfortzuak ondorioak izan ditu min hartuta zuen ipurmasailean, eta astea gogorra izaten ari dela dio. Badu, baina osatzeko astia, "hemendik hilabete batzuetara, hurrengo denboraldian, saiatuko naiz maratoiko marka hobetzen, beste nonbateko maratoiren batean baina".
Elgoibartar gehiagok ere hartu zuten parte Bilboko Maratoian. Lander Azpiazuk (3:10:19) saikapeneko 168. postuan amaitu zuen, Javier Hernando Albertek (3:58:44) 512. postuan eta Miguel Angel Montesek (4:02:58) 554. postuan.