Etxeko selekzioaz gainera, Portugalgoa ere izango du aurkari Espainiako taldeak lagunarteko nazioarteko txapelketa horretan. Martxoaren 17an jokatuko dute Frantziaren kontra eta 18an Portugalen aurka. Rodrigo Reñones hautatzaileak hamasei jokalari sartu zituen deialdian, horien artean Bidasoa Irun taldeko lau jokalari: Gorka Nieto (Basauri, 2002), Eneko Furundarena (Usurbil, 2003), Julen Mujika (Errenteria, 2003) eta Julen Urruzola (Elgoibar, 2002). Txapelketa hau joan den urtarrilean jokatzekoak ziren arren, atzeratu egin zuten koronabirusaren pandemiagatik. Joan den udan Kroazian jubenil mailako Europako txapelketan brontzea eskuratu zuen jokalari taldeak osatzen du junior mailako Espainiako selekzioaren bizkar-hezurra, eta maila bat gorago igo ostean, jokatuko duten nazioarteko estreinako txapelketa izango da honakoa.
Selekzioaz aparte, Urruzolak Asobal Ligan minutu gehiago jokatzeko aukera izan du azken jardunaldietan, hainbat taldekide min hartuta daudela-eta, filialean dabiltzan gazteek talde nagusiarekin jokatzeko aukera izan baitute. Hala, orain selekzioarekin joango den laukoteak Bartzelonak eta Bidasoak Palaun jokatu zuten Ligako partidan jokatzeko aukera izan zuten orain gutxi, hau da, munduko talderik onetarikoaren aurka, bere etxean. Goian ikus daitekeen argazkia argitaratu zuen Irungo taldeak bere sare sozialetan Gipuzkoako eskubaloi taldeek egiten duten harrobiko lana goraipatzeko, jokalari gazteon jatorrizko taldeak aipatuaz, horien artean Elgoibarko Sanlo, Ereintza, Pulpo eta Usurbil.