Ohi duten moduan bi emanaldi eskainiko dituzte pailazoek Elgoibarren, 17:00etan eta 19:00etan, Elgoibarko Herriko Antzokian. Aprilaren 29an, barikua, izango da. Joan den zapatutik martxan da 'online' aurresalmenta. herrikoantzokia.eus webgunean eskuratu daitezke sarrerak.
Pailazoek euskarari eutsi nahi izan diote sortu duten azken ikuskizunean, Kuikui izenekoa, Aitorren eta Mariren hizkuntza zaharrari arnas bideak topatzeko asmoz. Pailazoek txoriak direla amestu zuten, eta munduari kuikui esan zioten. Batzuk kuku, besteek piui, kerrek… eta beleak kra! Pailazoek, ordea, kuikui esango dute, Marimototsek erakutsita. Izan ere, Marimototsek amalurra txoriek bezala ikusten eta begiratzen lagunduko die Pirritxi eta Porrotxi.
Ikuskizunean plastikoz betetako itsasoak ikusi ahal izango dira Txo Mikmak txikiaren, balearen eta urpean hegan dabilen pinguinoaren begietatik. Era berean, Tider migranteak Afrikatik Baionara iritsi nahiko du, baina Txilipitok debekatuko dio; gauez hegan egiten duen Ontzak lagunduta bere helburua lortzen saiatuko da. Ilargi baserritarra eta Margarita Oiloa ere ikusi ahal izango dira saltoka hegan ikuskizunean. Azken horrek koloretako arrautza berezia errungo du. Txitakolorea jaioko da, Kuikui, munduari kolorea eta adorea emango diona. Pailazoek ere kuikui txorrotxioa egingo diote munduari, euskaratik eta euskaraz, munduko txorrotxioen sinfonian… Kui Kuikui.