'Emakumeak eta bizikidetza’ sormen lehiaketaren sarituetako bat da Ane Munin

Barren.eus 2022ko mar. 15a, 10:08

Gipuzkoako Landa garapen elkarteak biltzen dituen Landaola federazioak antolatutako 'Emakumeak eta bizikidetza’ sormen lehiaketan saritu dute Ane Munin Ansola elgoibartarra. 25 urtetik beherakoen kategorian lehen saria eskuratu du.

Joan den martxoan egin zuten sari banaketa ekitaldia Ordiziako D´Elikatuz zentroan.

Landaola federazioa osatzen duten Gipuzkoako sei Landa Garapenerako Elkarteak -tartean da Debemen elkartea- sustatzen ari diren 'Landa emakumeak gara' proiektuaren baitan kokatzen da 'Emakumeak eta bizikidetza’ sormen lehiaketa. Azaldu dutenez, Gipuzkoako landa eremuko emakumeen arteko elkar-ezagutza eta saretzea bultzatzeko helburuarekin jarri zuten martxan proiektua. Eta, proiektu horren lehen urrats bezala, sormen lehiaketa bat antolatu zuten udazkenean, “landa emakumeak eta bizikidetza” gaia ardatz hartuta. Honen bidez, Gipuzkoako emakume guztiak landa eremuaren, bertako emakumeen eta bizikidetzaren inguruan hausnartzera bultzatu nahi izan dituzte. Gai hori ardatz hartuta, sormen lehiaketa honetan parte hartu zuten Gipuzkoako emakumeek, euskarri grafiko bat eta euskarri grafiko honi loturiko hausnarketa-testu txiki bat aurkeztu behar zituzten.
Landa eremuko bizikidetzak, gai bezala, ertz asko dituenez, profil ezberdinetako emakumeengana zabaldu nahi izan zuten parte hartzeko deialdia: adin ezberdinetako emakumeak, eremu ezberdinetan bizi direnak baina landarekiko nolabaiteko lotura dutenak, alegia, baserriko emakumeak, landan jaioak baina orain kalean bizi direnak, kalean bizi baina landara sarritan gerturatzen direnak… Landa eremua eta bizikidetzaren inguruko hausnarketa emakume guzti horien begiradarekin osatu nahi izan dute.
Honela, 40 emakume izan dira parte hartzera animatu direnak. Lanen artean hausnarketa, begirada, gogoeta-gai, bizipen, sentimendu, ideia, irudikapen… eta "irudimen handiko sormen lanak" jaso ahal izan dituztela nabarmendu dute.
Lehiaketara aurkeztutako lanak http://www.landaola.eus/lehiaketa weborrian daude ikusgai
Parte hartu dutenen artean, euskarri grafiko eta hausnarketa testu arrakastatsuenak hautatu dituzte epaimahai baten eta publikoaren bidez. Balorazioak, adin tarteka egin dituzte, hau da: 25 urtetik beherakoak, 25 eta 55 urte artekoak eta 55 urtetik gorakoak. Honela, adin-tarte bakoitzeko lanik arrakastatsuenei sariak banatu dizkiete. Hona sarituen zerrenda:

25 urte azpikoetan

  1. saria: ANE MUNIN ANSOLA (ikus honako bideoan bere hausnarketa)
  2. saria: MAIRI OLABARRIA
  3. saria: IONE ARANBERRI IRIARTE

25-55 urte artekoetan

  1. NEREA LOIOLA PIKAZA
  2. OSKIA GARAIALDE ZEBERIO
  3. 44. ENARA I.DOMINGUEZ
  4. Accesit-a: JONE LARRAÑAGA GORRITXO eta ONINTZA LEGORBURU LARREA

55 urtetik gorakoetan

  1. saria: ARANTZAZU ARREGI URIARTE

Publikoaren saria:

  1. saria: IDURRE LERSUNDI ELORDI

2022 03 14 ane munin ansola landaola saritua sariajasotzen ordizian

2022 03 14 landaola somen lehiaketan sarituak ordizian