Herriko kaleetan eta ibilgailuetan nabari dira Saharako hauts hodeiaren arrastoak. Tabernariek terrazetako mahaietan pilatutako hautsa garbituz hasi dute gaurko eguna, eta zer esanik ez kaleko garbitzaileek. Kaleko hauts guztia batuz gero hondartza txiki bat egiteko adina ere ematen du. Nonhai ikus daitezke marroi koloreko orbanak. Hauts-ganduak zerua ere lausotu du.
Euskalmeten arabera, Espainiako hegoaldea astintzen ari den enbatak Saharatik iritsitako hauts masa bat ekarri du Euskal Herrira. Basamortuko hautsak ez du arazo handirik sortuko hezetasunarekin nahastuko delako, baina asma daukatenek sumatu dezakete gehien. Fenomeno honen ondorioz, baina, haizearen kalitatea txarra izan liteke, eta osasunari kalte egiterainoko ondorioak izan ditzake: begietako narritadura, eztula... Horregatik, arnasa hartzeko arazoak dituztenei maskara erabiltzea gomendatu diete. Datozen bizpahiru egunetan jarraituko du fenomenoak. Atzoko 21:00etatik, Hego Euskal Herrian abisu horia dago, haize-bolada bortitzengatik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, haizeguneetan 100 km/h-ko ufadak izan daitezke. Hala, neurriak martitzen honetako 15:00ak arte iraungo du.
Saharako hautsa geurera heltzea ez da arrunta, baina arraroa ere ez Euskalmet agentziako Jose Antonio Arandak jakitera eman duenez (iturria: berria.eus)
Europako Batasuneko Copernicus behaketa egitasmoak herenegun iragarri zuen Saharako basamortuko hauts hodei trinko bat Euskal Herriraino ailegatzekoa zela. Ikus beheko mapan.