Mendaroko Udalak izurriteen aurkako neurriak indartu ditu

Barren.eus 2022ko martxoaren 16a

Mendaroko Udalak, azken uholdeen ondorioz sortutako izurriteen harira lanean jardun du azken asteotan. Besteak beste, herriko arratoi eta saguen intzidentziak eta izurriteen ugaritze-guneak aztertu dituzte.

Udalaren lehentasunak herria garbi mantentzea eta mendarotarren osasuna zaintzea direla azpimarratu dute arduradunek. Horretarako, herriko arratoi eta saguen intzidentziak eta izurriteen ugaritze-guneak aztertu dituzte, eragina ikusteko eta gune kritikoen mapan irudikatzeko: herriko sarbideak, euri eta gorotz-saneamendurako hodiak, kable-hodiak… eta eremu kritikoak, hala nola ezpondak, lorategiak, sasi-eremuak eta zabortegiak.

Azterketa horietatik ateratako ondorioetan oinarrituta hartu dituztela neurriak azaldu dute. Mendaron urtean hamabi ikuskapen eta tratamendu egiten dituzte arratoi, sagu, labezomorro eta inurrien aurka, denbora-tarte erregularretan. Arratoiak hiltzeko edo kontrolatzeko monitorizazio-blokeak ipintzen dituzte, edo, karraskariak egoten diren eremuetan pozoia; labezomorro eta inurrien kasuan, berriz, gel intsektizidak. Tratamenduak izurrietan aditua den Acticimex enpresarekin lankidetzan egiten dituzte.