Erabiltzeko moduan daude herriko hiru gunetan berritu dituzten lurpeko edukiontziak

Barren.eus 2022ko mar. 18a, 12:06

Debabarreneko Mankomunitateak lurpeko 17 edukiontzi ordezkatu ditu lurrazalekoekin Elgoibarren, baina herriko hiru gunetan hondakinak batzeko sistema hori mantentzea erabaki zuen, horiek berrituz. Dagoeneko martxan daude.

Amaitu dituzte lurpeko edukiontziak berritzeko lanak eta dagoeneko martxan daude. Hiru puntutan berritu dituzte: Antonio Arrillagan, Pedro Miguel Urruzunon eta Aita Agirre Plazan. Funtzionamendu probak egin ostean, martxoaren 7tik erabiltzeko moduan daude Antonio Arrillaga eta Pedro Miguel Urruzuno kaleetako lurpeko edukiontziak, eta Aita Agirre plazakoak, berriz, eguaztenetik daude erabilgarri.

Mankomunitatetik zehaztu dutenez, berritu dituzten lurpeko edukiontziek aurretik zeudenen gaitasun berberak dituzte, "baina aurrekoak zahartuta zeudenez sarritan matxuratzen ziren, eta orain jarri direnek teknologia berriagoa dute eta funtzionamendu mekaniko desberdina, erresistenteagoa".
Lurpeko edukiontziak berritzeko lanek iraun duten bitartean lurrazaleko edukiontziak ipini dituzte aipaturiko hiru guneetan. Eta, lurpeko edukiontziak martxan jarri ondoren, gainazalekoak egun batzuetan mantendu dituzte, lurpeko edukiontzi berriek "ondo funtzionatzen dutela bermatu arte". Aste honetan kendu dituzte lurrazaleko behin behineko edukiontziak Antonio Arrillaga eta Pedro Miguel Urruzuno kaleetan, eta Aita Agirre plazakoak datorren astean kentzea aurreikusten dute.

 • 63 edukiontzi ordezkatu dituzte eskualdean
Debabarreneko Mankomunitateak lurpeko 63 edukiontzi ordezkatuko ditu lurrazalekoekin Ermuan, Eibarren, Elgoibarren eta Mutrikun, "zaharkituta daudelako eta berritzeko beharra dutelako". Mankomunitatetik azaldu dutenez, helburua da hondakin bilketaren eraginkortasuna handitzea, gastuak murriztea eta eskualdeko gaikako bilketa zerbitzua hobetzea. Lurpeko edukiontzien mantentze lanek kostu handiagoa dutela jakinarazi dute. Iaz, esaterako, 151.673 euro bideratu zituen mankomunitateak lurpeko edukiontziak konpontzera, eta 89.078 euro haien mantentze lan prebentibora.
Eskualdeko lurpeko edukiontziak kendu eta lurrazalekoak jartzeko lanok, Mankomunitatearen 2020ko aurrekontuaren barruan gauzatu dituzte, eta, guztira 1.128.006 euroko inbertsioa egin dute.

2022 03 16 lurrazpiko edukiontziak elgoibar PM urruzuno Barren

2022 03 16 lurrazpiko edukiontziak elgoibar PM urruzuno b1 Barren

∞Lotura duten albisteak: