Doako ke detektagailuak ipini dituzte 80 urtetik gorako 109 herritarren etxebizitzetan

Barren.eus 2022ko mar. 18a, 14:10

80 urtetik gorako herritarrentzako suteen kontrako prebentzio zerbitzua jarri zuen abian Elgoibarko Udalak 2017an, eta zerbitzu horren baitan 109 ke detektagailu ipini dituzte 2021ean, debalde.

Udaletik jakinarazi dutenez, Elgoibarko 324 etxebizitzetan daude instalatuta ke detektagailuak, eta horietan guztira 340 detektagailu daude martxan. 2017an jarri zuten martxan suteen kontrako prebentzio zerbitzua, eta joan zen urtean 130 pertsonei egin zieten proiektuan parte hartzeko gonbita. Hala ere, egoera ezberdinak direla medio, azkenean 111 herritarrek hartu dute parte, 109 ke detektagailu jarriz. Atiempo enpresarekin elkarlanean garatzen dute proiektua, eta doakoa da erabiltzaileentzat.

Ane Beitia alkateak azaldu duenez, adineko pertsonekiko "hiri adiskidetasunean eta zahartze aktiboaren esparruan" prebentzio, arreta eta jarraipen zerbitzuak eskaintzen dituzte etxebizitzetan segurtasuna bermatzea da egitasmo honen helburua. "Ke detektagailuen proiektu honen bidez etxebizitzetan suteak ekiditea eta gizarte beharrizanak antzematea ahalbidetzen da”, esan du.
Elgoibarko Udalak 80 urte bete edota beteko dituzten bizilagunen zerrenda osatzen du, etxebizitza horietara gerturatu eta ke detektagailuak jarri eta egoera sozialen "diagnostiko txiki bat" ere egiten dute. Etxebizitzetara gerturatzen den pertsona gizarte langilea da, ‘Industriako langile kualifikatua’ formakuntza gehigarria duena.
2022 urteari erreparatuz gero, aurten 77 pertsonek beteko dituzte 80 urte Elgoibarren, eta horiek proiektuan parte hartzera gonbidatuko ditu Udalak. Era berean, urte honetan proiektuaren onuradun izateko baldintzak bete dituzten beste herritarrei ere egingo diete gonbita.