Lau urteko etenaldi luzearen ondoren itzuli da Altitoy proba

Barren.eus 2022ko mar. 21a, 14:07

2018tik jokatu gabe zegoen Altitoy, Euskal Herriko mendiko eskiatzaileen proba nagusietakoa. Joan den asteburuan jokatu dute lasterketaren hamabigarren ekitaldia izan dena. Makina bat elgoibartarrek hartu izan dute proba honetan, baina bakarrak hartu du parte aurtengoan.

Arrazoi desberdinak medio, azken bost urteetan ez dute jokatu Altitoy-Ternua, Piriniotako probarik alpino eta herrikoiena, antolatzaileen berbetan. Camping Euskal Elkarteak eta Luz Ardideneko Altitoy Klubak antolatzen dute, eta 2018koa jokatu eta gero, 2019an egin beharreko edizioa ez antolatzea erabaki zuten, indarberritzeko nahia ezinbestekoa bihurtu zitzaiela-eta. Urtebeteko etenaren ostean, 2020an zen itzultzekoa proba, baina dena prest zegoenean, elur faltak zapuztu zituen antolatzaileen eta Euskal Herriko mendiko eskiatzaile askoren asmoak. Eta, iaz, pandemiak luzatu zuen Altitoyrik gabeko etenaldia. Itxaronaldi luze horren ostean, gogo betez lehiatu ziren eskiatzaleak hasieratik amaiera arte eragozpenik gabe egin ahal izan zuten probaren hamabigarren edizioan. Grande Course zirkuiturako puntuagarria izan da aurtengo lasterketa, eta hori dela-eta, goi mailako nazioarteko taldeak lehiatu dira. Alabaina, euskal eskiatzaileak izan dira gehiengoa.

Ohi duten moduan, Baregesko eta Luz Ardidengo eski estazioan (Okzitania) jokatu zuten proba bi etapatan, zapatuan eta domekan, Midi Bigorre (2.877 metro) ardatz nagusi duen ibilbidean. Aurtengoan elgoibartar bakarrak hartu du parte Altitoyn, Ainhoa Lendinezek, eta oso pozik itzuli da bizitakoarekin. "2020ko urrian erosi nituen eski berriak, hilabetera esan zidaten kirofanotik pasa beharko nuela eta ondoren bigarren konfinamendua iritsi zen. 2021eko maiatzera arte eskiak Piriniotako denda batean egon ziren. Saltzea ere pentsatu nuen berriro jantziko ez nituelakoan. Gainera, sekula ez naiz trebea izan jaitsieretan, baina neguan mendira joateko modurik ederrena da eta bi urteren ostean aurten berriz gozatu dut, izugarri, Pirinioetan. Asko ibili gara, astebururo, eta Altitoyn irtetea pastelaren ginda izan da", azaldu du. Eguraldi ona lagun, paisaia ikusgarrietan barrena jokatzen dela proba nabarmendu du Lendinezek, eta paisaia horietan gorputzari estutua emanez pozarren ibili dela. "Atzo arnesa eta disipadorea ere erabili genituen, ertz txiki bat pasatzeko. Eski alpinismo zoragarria izan da", dio.
Sailkapenei dagokionez, Martin Stofner-Filippo Becacri italiarrak izan ziren azkarrenak zapatuan jokatutako lehen etapan. 24 kilometroko ibilbidea (2.517 metroko desnibel positiboa) 2:42:44ko denboran osatu zuen bikoak. Lehen talde euskalduna Asier Alonsok eta Aitor Ajuriak osatutakoa izan zen. Sailkapen nagusiko zazpigarren postua lortu zuten arren, proba hau Euskal Mendizale Federazioak antolatutako Taldekako Euskadiko Txapelketarentzat baliagarria denez, gizonezkoen garaipena erdietsi zuten. Emakumezkoetan Nahia Quincoces eta Igone Campos gailendu ziren, 3:29:30 denborarekin.
20 kilometroko eta 2.253 metroko goranzko desnibela zituen bigarren etapan, domekan, aurreko eguneko protagonista berberak izan ziren azkarrenak: Stofner-Beccari eta Quincoces-Campos.
Bi egunetako denborak batu ondoren, italiarrak gizonezkoetan, eta euskaldunak emakumezkoetan, gailendu dira Altitoy-Ternua lasterketaren hamabigarren ekitaldian. Guztira 66 bikotek bukatu zuten proba. (sailkapenak)

Lendinez B ibilbidean lehiatu zen, ibilbide herrikoian, Aritz Urbinarekin taldea osatuz; eta, 12. postuan sailkatu ziren. 73 bikote lehiatu zien B ibilbidean.

2022 03 19 altitoy irteera

2022 03 19 altitoy ainhoa lendinez 2

2022 03 19 altitoy ainhoa lendinez

2022 03 19 altitoy ainhoa lendinez sokak

2022 03 19 altitoy ainhoa lendinez jaitsiera

2022 03 19 altitoy ainhoa lendinez b1 1

∞Lotura duten albisteak: