Udalak eraikina eraitsiko du, baina sotoak mantenduko dituzte, eragileentzako espazioak "egokituz eta sortuz", eta gainkaldean herritarrentzako aire libreko eremu bat sortzea da Udalaren ideia nagusia.
Eraikina eraitsi ondoren, 2.500 metro koadroko azalera duen espazioa geldituko da libre sotoen gainkaldean, eta hor zer egin erabakitzeko nahi dituzte herritarren ekarpenak, “auzotarren beharretatik eta auzotarren bizipenetatik abiatuta” lan egin nahi dutelako. Parte-hartze talde ahalik eta askotarikoena batzeko asmoz, Udalak modu aleatorioan deituko die zenbait auzotarri. 30 lagunez osatutako taldea sortu nahi du Udalak. Taldea osatuko dutenen profilak honakoak dira: 18 eta 30 urte arteko gazteak, haur-gaztetxoak dituzten gurasoak, helduak eta adinekoak. Horiez gain, gaur egun Pedro Mugurutzan kokatzen diren elkarteetako ordezkariei ere deituko diete, eta parte hartu nahi duten gainerako herritarrentzako bost leku gordeko dituzte.
Parte hartu nahi duenak, hori bai, izena eman beharko du Herritarren Arreta Zerbitzuan edo emailez: arreta@elgoibar.eus. Izen-abizenak, NAN zenbakia eta kontakturako telefono zenbaki bat edo emaila laga beharko ditu. Izena emateko epea martxoaren 30ean bukatuko da. Lehen saio partehartzailea, berriz, apirilaren 5ean izango da, arratsaldez, Pedro Mugurutza Eskola Zaharreko eraikinean bertan. Prozesuak hiru saio izango ditu, eta data zehatzak saio bakoitzaren bukaeran zehaztuko dituzte.
Lehen saioan herritarren ideiak, beharrak eta proposamenak jaso nahi dituzte; bigarren saioan, berriz, ideia horiek irudikatu; eta hirugarrengoan, azkenik, proposamen definitiboa itxi.
2022ko bigarren seihilekoan hasi nahi du Udalak Pedro Mugurutzako Eskola Zaharraren inguruko urbanizazio proiektua idazten.