Erabiltzeko moduan dago Bernardo Ezenarro eta San Roke kaleak lotzen dituen igogailua

Barren.eus 2022ko mar. 23a, 15:29

Bernardo Ezenarro eta San Roke kaleak lotzen dituen igogailuaren pasabidea berritzeko lanak bukatu dituztela jakinarazi du Udalak.

Igogailuaren gainaldean dagoen egurrezko zoladura aldatzeko lanak hasi zituen Udalak otsailaren hasieran, eta harrezgero itxita egon da igogailua- Lanak amaitu ostean erabilgarri dago.

Pasabideko zoladuran mantentze lanak egiteaz gainera, irristakortasuna hobetzea izan da lanon helburu nagusia. "Pasabidea irristakorra zen. Horregatik, elgoibartarren segurtasuna bermatze aldera, azpiegitura hori hobetu dugu, segurua eta erakargarria izan dadin”, adierazi du Hirigintza zinegotzi Iosu Arraizek. Udalak hobetsi duen irtenbidea da gaur egungo egurrezko taulatuaren ordez altzairuzko xafla baten gainean hormigoizko zola bat jartzea; "horrela, azalera askoz ere zurrunagoa sortzen da, iraunkortasun handikoa eta mantentze-lan hobeak dituena".

Bide batez, igogailuan ate berriak ipini dituzte.

Partaidetza bidezko aurrekontuetan herritarrek boto gehien emandako bost proiektuetako bat zen honakoa. Inbertsioa 47.269,59 eurokoa da (BEZik gabe).

2022 03 23 igogailua pasabidea lanak bukatuta

 

2022 03 22 igogailuko pasabidean lanetan

 

∞Lotura duten albisteak: