Ikastolako ikasle guztientzako ekintzak izango dira, eta Jon Larrañagaz gain, herri kirolen munduan zaildutako beste kirolari handi bik ere hartuko dute parte: Uxue Ansorregi eta Hodei Ezpeleta. Ansorregi Bizkaiko trontza txapelketa mistoan txapeldun izan zen iaz, hirugarren egin zuen Euskal Herriko aizkora txapelketan eta bigarren Bizkaikoan. Era berean, emakumeen euskal pentatloian bigarren egin zuen, Karmele Gisasola lagun zuela, eta txapela eskuratu zuten Bizkaikoan. Hodei Ezpeletak ere itzal luzea du aizkoran. Urrezko Aizkolari Txapelketa irabazi zuen, bakarka, eta Euskolabel txapeldunen liga ere irabazi zuen. Era berean, Gabonetako urrezko aizkolarien kopan ere bera gailendu zen, bai eta Euskal Herriko lehenenengo mailako aizkolarien txapelketan ere.
Frontoian izango dira Arnoko elkartekoek Herri Kirolen Egunerako antolatu dituzten ekintza guztiak, 10:30ean hasita, eta ondoren, parte-hartzaile guztientzako mokadutxo bat ere banatuko dute. Antolatzaileen zenbat lagunek parte hartuko duten jakitea komeni zaie, eta horregatik, interesa dutenei izena emateko eskatu diete. Mezu bat bidali beharko dute arnokirolak@gmail.com helbidera, ikaslearen izen-abizenak eta adina zehaztuta. Izena emateko azken eguna martxoaren 24a izango da.