Joan den domekan jokatu zuten 15,1 kilometroko ibilbidea duen lasterketaren 8. ekitaldia, eta Julen Salaberria Anton elgoibartarra eta Naiara Irigoyen atarrabiarra izan ziren azkarrenak. Salaberriak ordu bat, lau minutu eta 51 segundoan osatu zuen ibilbidea, Igeldo, Urgul eta Ulia mendietara igo eta jaitsiz. Irabazleak 17 segundoko aldea atera zion bigarren egin zuen Javier Arangureni eta 43 segundokoa hirugarren egin zuen Mikel Zubiriari. Emakumezkoetan 01:15:16ko denborarekin gailendu zen Irigoyen.
Guztira 234 lagunek hartu zuten parte Triku kirol elkarteak antolatzen duen proban, tartean Iker Arrillaga eta Julen Cid elgoibartarrek ere bai. Arrillaga 34. postuan sailkatu zen 1 :16:41ko denborarekin eta 77. postuan helmugaratu zen Cid (1 :21:21). (ikus sailkapenak)