Oporrak bakean egitasmoaren baitan, udan Saharako haurrak etxean hartzeko prest dauden familia bila ari dira Eibar-Sahara elkartekoak (Harremanetarako: Edurne 659 591 607).
Bi urtean bertan behera laga ondoren, aurtengo udan berriz ekingo zaio Oporrak Bakean programari. Horrela, 10 eta 12 urte arteko Saharako umeak Euskal Herrira etorri ahal izango dira uda pasatzera eta, bi hilabeterako bada ere, errefuxiatu-esparruetan bizi duten egoera latza albo batera lagatzera. Horretarako, Oporrak Bakean ekimena ume hauek jasoko dituzten familien bila dabil.
Jakitera eman dutenez, azkenengo bi urteak bereziki gogorrak izan dira Tidufeko (Aljeria) kanpamenduetan bizi diren ume sahararrentzat. Munduko deserturik lehorrenaren erdian bizirautera behartuta, arazo latzak jasan behar izaten dituzte: “janari eta ur eskasia, udan 55°-tik gorako tenperaturak, medikuen errebisio falta…”. Eta hori gutxi balitz, COVID-19aren pandemia eta gerra gehitu zaizkie ohiko arazoei.
Oporrak Bakean proiektukoen berbetan, pandemiak “bortitz” jo ditu errefuxiatuen esparruak. Kanpo laguntzatik bizirauten duen herri batentzat mugak itxita mantentzeak ondorio larriak ekarri dizkio, gaixotasun berak sortutako arazoez gain, paraleloki beste hainbat eragozpen izan dituelako”, diote.
Pandemiaz gain, gerraren arazoari egin behar izan diote aurre. “Pandemia honi komunikabideek isilpean mantentzen duten gerra gehitu behar zaio. 2020ko azaroaren 13an Marokok su-etenari amaiera eman zion eta harrezkero saharar soldaduek ‘lotsaren harresia’ babesten diraute. Ia urte eta erdi iraun duen gerra honek heriotzak ere ekarri ditu. Soldadu hauek ‘Oporrak Bakean’ programan parte hartzen duten haurren aita, anai edo senideak dira, baina baita orain dela urte batzuk gure herrietan harreran egondako haurrak ere. Hala ere, gerra honek ez du interes mediatikorik”, diote elkartetik.
• Umeak jasotzeko baldintzak
Saharako umeak jasotzeko izena emateko epea martxoaren 27ra arte egongo da zabalik eta, oporrakbakean.eus webgunearen edo Eibar-Sahara elkartearen bitartez hartu ahal izango da parte. Eibarko elkarteak Facebooken du orria eta, bertan idazteaz gain, edurneu3@hotmail.com helbidera ere idatzi daiteke.
Izena emateko orduan lau baldintza bete behar dira. Batetik, EAEko udalerri batean bizitzea. Bigarrenik, denbora izatea. “Lehendabiziko bi asteak denon egokitzapenerako tartea dira. Beraz, oso garrantzitsua da familiak haur sahararrarekin ahalik eta denbora gehien pasatzea sasoi horretan”, diote elkartetik. Hirugarrenik, etxean espazioa edukitzea. Eta laugarrenik, gogoa. “Bi hilabetetan zehar familian bat gehiago izateko gogoa, ahaztezina izango den uda bat pasatzeko gogoa, kultura berri bat ezagutzeko gogoa, saharar herria laguntzeko gogoa…”, argitzen dute.
Animatu ezkero, familiek formazio saioak jasotzeko aukera izango dute, programan lehen aldiz parte hartzen dutenen zalantzak argitzeko. Gainera, proiektuaren webgunean ohiko galderak erantzuten dira eta oporrakbakean@gmail.com helbidea idatzi daiteke informazio gehiago lortzeko.