Zuzenekoetan lau lagun arituko dira, tartean Jesus Jimenez (Elgoibar, 1976). Kultur Etxeko sotoan emango dute kontzertua domekan, martxoaren 27an, 19:00etan.
• Erraietatik datorren proiektua da Islabat, baina zer eta nor ditu erraietan egitasmoak?
Asier Olabarrieta: Esperientzia pertsonal batean oinarritutako proiektua da. Egoera txar bat pasatu nuen nire bizitzako momentu batean eta kulturalki ez gaude ohituta horrelakoak onartzera. Bizi izan nituen gauzek sortutako sentimentuak urteetan zehar sortutako ideiekin elkartu nituen. Zirriborro asko dauzkat eta horrela hasi nintzen sortzen. Iluntasunetik argirako prozesua izan da. Momentu txar bat bizi eta onartu ondoren gauzak beste era batera ikusten ditut. Musikaria izanik oso argi neukan abesti batzuk ondo grabatu nahi nituela. Hasieran ez nuen abestuko nuenik uste, baina gero dena egin nuen, nire egoera defendatzeko. Hitzak nireak ez badira ere, nire ideiak islatzen dituzte. Diskoa entzun ezezik irakurri ere egin behar da, oso disko musikal-poetikoa baita. Islabat hitz jokoa diskoaren izaerarekin bat dator. Nire barrua islatzen du.
• Disko-liburuxka kaleratu duzu eta orain zuzenekoekin hasi zarete, ezta?
A.O.: Grabaketa prozesua neuk bakarrik egin nuen ia oso-osoan eta ez nuen pentsatu proiektua zuzenekora eramaterik, ez nuelako nahi jende asko nahasterik. Baina, gero, lagunekin probatu nahi izan nuen eta proposamena egin nien Jesus Jimenez, Andoni Alonso eta Aitzol Mujika lagunei. Erronka bat zen beraientzat ere. Eta jadanik zuzeneko fasean gaude. Jesus asko inplikatu da eta nire ideia izatetik talde formatura pasatu gara zuzenekoetarako. Kolektiboago ikusten dut.
Jesus Jimenez: Aurrez elkarrekin entseatzen genuen lokalean, beste proiektu batekin, ondo pasatzeko. Proiektu demokratikoagoa zen, sorkuntza prozesua denon artean egin genuen. EME eguneko kontzertuan jotzekoak ginen, baina bertan behera geratu zen. Gero, Asierrek, bere egitasmoa azaldu zigun eta baietza eman genion. Asier eta biok sarriago geratu ahal izan ginen eta lana aurreratu, eta besteak gero batu ziren. Denbora asko laurok elkarrekin entseatu gabe geunden eta diskoan ez dugu parte hartu, baina orain gogoz ari gara zuzenekorako. Asierrek abesti batzuk grabatuta zituen eta beste batzuk gehitu ditu, eta guk argi geneukan hori jo behar genuela. Beste kantu batzuk irekiagoak ziren eta gure ukitua eman diegu.
A.O.: Bakarrik jardutetik taldean jardutera pasatu naiz eta oso babestuta sentitzen naiz; gozamena da.
• Grabaketa gehiena zure esku egon da?
A.O.: Iruñeko estudiora joango nintzatekeen gitarra example eta beste gauza asko egitera, baina pandemia zela-eta ezin nintzen Elgoibartik mugitu eta gauza asko moldatu behar izan nituen. Nik grabatu dut, eta gero, Josu Ervitik egin ditu produktore lanak. Bateria-jotzaile profesionala da eta berak grabatu ditu bateria soinuak eta efektuak, eta beste lan asko egin ere
bai. Hala ere, gorabeherak kontuan izanda emaitzarekin oso-oso pozik nago.
• Kolaboratzaileak izan dira, ezta?
A.O.: Grabazioa gehien bat etxean egin dut eta Elgoibarko lokaletan utzitako mikrofono on batekin, ordenagailu zahar batekin eta soinu txartel batekin. Bateria soinuak ere egiten ni-
tuen birtualki eta Josu Erviti bateria-jotzaileari bidali eta berak egokitzen zituen. Musika nik sortu dut, baina izan dira kolaboratzaileak, bai. Esaterako, emakumezko ahotsa Silvia Hernan-
dezena da, Goizane Aizpuruak poesia irakurri zuen, Iban Urizarrekin sormen prozesua partekatu nuen, eta Xabi Agirre, aspaldiko laguna, eta Jon Villate, lankidea, ere aritu ziren.
• ‘Islabat’ lana da hau, baina hona iritsi arte zein bidaia egin duzue musika arloan?
A.O.: Nire anaiak Inbigu taldean jotzen zuen eta anaia erreferentzia zen niretzat. Institutuan nenbilela hainbat lagun elkartu ginen. 14 urte genituela, Santutxuko sei mendizale gazte hil ziren eta omenaldi erraldoi bat egin zitzaien; Su ta Garrek jo zuen, eta guk beraien aurretik, beraz, sekulakoa izan zen. Mendizaleei buruzko kantu bat ere sortu genuen eta oso hunkigarria izan zen; asko markatu ninduen. Hortik aurrera saiakerak egin ditut, besteak beste Cisma taldearekin, baina bi urte baino gehiago gutxik iraun dute. 'Hiri asko bere baitan' proiektua ere egin nuen Unai Villena eta Aitor Gomezekin, eta Xabier Agirreri ere lagundu nion beste proiektu batean, Jesusekin batera.
J.J.: Nire kasuan txarangan eta bandan jo izan dut eta orain taldean. Zuzenekoan diharduten beste hirurak aurrez aritu ziren hainbat proiektutan eta ni izan naiz oraingoan azkena sartzen.
• Lehen argitalpena al da hau?
A.O.: Nire bakarkako proiektu moduan bai. Asko landu dut, astiro eta lasai. Mami asko dauka, eta momentu batzuetan, bakarrik egin dudanez, prozesu gogorra izan da, baina era berean, oso aberasgarria. Beti izan dut buruan musika estilo honetako zerbait egitea eta azkenean saiatu naiz eta lortu dut. Abestiak, grabatu aurretik, birtualki sortuak zeuden, nik bakarrik ordenagailu aurrean, eta orain, sentsazioa beste bat da, oso berezia. Nik uste nuena baino emaitza hobea lortu dut. Josu Ervitirekin oso ondo konpondu naiz, eta Silvia Hernandez elgoibartarrak ere asko lagundu dit ahotsak lantzen, abestiak entzun eta koroak sortzen. Bi horiek asko lagundu didate grabazio eta sorkuntza prozesuan. Disko honen aurretik Cismarekin grabatu genituen hiru abesti hamar urteren ostean, eta 'Hiri asko bere baitan' proiektuan argazki eta musikaz osatutako piezak; guztira zortzi.
• Zein musika mota da Islabatena?
J.J.: Musika estiloa sailkaezina da.
A.O.: Nire ibilbide musikalaren laburpena da. Badira pare bat abesti lehen aldiz orain dela 20 urte sortu nituenak. Estiloa definitzerakoan inork ez dit esan talde zehatzen baten traza duenik. Alde horretatik pozik nago, baina saltzeko zaila da. Oso nirea dela esango nuke; beraz, nahi izan dudana sortu dut.
J.J.: Zuzeneko kontzertuan ere denetarik entzun ahal izango da: gitarra, klarinetea, teklatuta, rocka...
A.O.: Oinarria rock iluna da, baina asko jolasten dugu ahots eta koruekin eta sintetizadoreak ere sartzen ditugu. Iluna da, baina tartean badira lelo melodikoak. Zuzenekoan abesti ba-
tetik bestera aldaketak daude, ez da monotonoa. Soinu ilun horren barruan atmosfera soinuak ere sartzen ditugu: itsasoa, euria... Diskoa entzuten hasita, ez dago kantu batetik bes-
tera etenik, kontzeptuala delako; ilunetik argira doa eta zuzenean ere saiatzen gara hori islatzen. Liburuxkako azalean, gainera, (K)ito hitza ageri da eta nik garai hartan bizi izandakoaren isla izan daiteke: itomen sentimendua, eta era berean, egoerarekin kito egiteko gogoa.