Herriko ondare historiko-artistikoa babestu eta kontserbatzeko helburuarekin, Elgoibarko Udalak 14.000 euroko diru-laguntza emango dio San Bartolome parrokiari. Udaletik azaldu dutenez, era askotariko ondare historiko-artistikoa eta erlijiosoa du parrokiak, San Bartolome elizan eta San Bizente-San Roke, Done Laurenti (San Lorentzo), Done Mikel (San Migel) eta Done Petri (San Pedro) ermitetan banatuta. Eraikin horiek guztiak Elgoibarko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ageri den kultur ondasunen Katalogoan jasota daude, eta babes maila desberdinak dituzte. Aipatutako tenpluez gain, San Antolingo kaperaren barrualdean, Sigmako Santiago elizan eta Santa Maria Magdalenaren ermitan balio historiko-artistikoa duten irudiak eta elementu higigarriak ere badaude.