Euskal Herriko zortzi ikastetxetako 500 gazte aritu dira garapen jasangarrirako helburuei lotutako gai ezberdinak lantzen, ekintza eta erronken bitartez, eta Elgoibarko ikasleek 1.390 euroko saria irabazi dute. Ananak izeneko taldea 9. postuan sailkatu da, eta Gormitiak 11. postuan. Txapelketak proposatutako jardueretako batzuk bitxikeriei buruzkoak izan dira, beste batzuk akziora bideratutakoak, eta inspirazioko eta elkartasuneko jarduerak ere izan dituzte.
Erronken norgehiagoka horretan lehen hamabost postuetan sailkatutako taldeek hartu zuten parte lehiaketaren ospakizunean, eta formatu berritzailea batean egin zuten hori joan den martxoaren 25ean: gazte talde bakoitza bere ikastetxean egon zen fisikoki, baina beste taldeekin konexioak egin zituzten, ondo pasatzeko probak eta elkarrekin bizi izan zuten sari banaketaren emozioa. Zortzi izan dira lehiaketan parte hartu duten ikastetxeak: Andoaingo LaSalle Berrozpe Ikastetxea, Bermeoko Sagrado Corazon Ikastetxea, Bilboko San Adrian BHI, Donostiako Xabier Zubiri Manteo BHI, Gernika-Lumoko Seber Altube Ikastola, Santurtziko Calasanz Ikastetxea, Sopuertako San Viator Ikastetxea eta Elgoibarko Elgoibar Ikastola.
Eukene Gontan Arano Feel My Way-ko ordezkariak azaldu du lehiaketaren helburua, gazteei, gure inguruan gertatzen ari denaz ohartaraztea izan dela, eta gazteengan ikuspegi kritikoa garatzen laguntzea, jendarteko eta bizitzako hainbat arlotan uste baino paper handiagoa izan dezaketela jabetzeko. “Lau urte atzera egin eta... A zer nolako egoera ezegonkorrak bizi ditugun eta bizitzen ari garen! Pandemia, La Palmako sumendia, gerra ezberdinak... Eta gazteak non daude? Nola daude? Nola bizi dituzte urte hauek eta nola ari dira bizitzen?” adierazi du Gontanek. “Gazteei ahotsa eman diegu zuzenean, eta harrituta geratu gara izan duten inplikazio eta elkarrizketarako gogoarekin”, gehitu du.
Lehiaketaren laugarren edizioa izan da aurtengoa, eta izan duen harrerarekin antolatzaileak oso pozik agertu dira. Aipatu dute, baita ere, formatuak urtez-urte izan duen garapenarekin ere asmatzen ari direla, gizartearen beharretara moldatuz. Orain arte bezala, Euskal Herriko sei eragile publiko zein pribaturen babesa jaso du: Foru Aldundia, Laboral Kutxa, Hazi, Ausolan Fundazioa eta Mugi.