Heriotza duinari buruzko solasaldia emango du Iñaki Peñak eguenean

Barren.eus 2022ko api. 6a, 10:47

Heriotzari buruzko jardunaldien barruan, heriotza duina izango du hizpide Iñaki Peña medikuak eguen honetan, apirilak 7, Elgoibarren emango duen hitzaldian.

Bihotzetik elkarteak sustatuta, heriotzari buruzko jardunaldiak egiten ari dira Gipuzkoako sei herritan, tartean Elgoibarren. Iñaki Arregik hasi zuen jardunaldia Elgoibarren, joan den martxoaren 24an eman zuen 'Dolutik bizitzara' hitzaldiarekin.

Oraingoan, Iñaki Peñak Bandresek hartuko du hitza, eztabaida handia pizten duen heriotza duinari buruz berba egiteko. Peña zaintza aringarrietako mediku ondokoa da 2010. urteaz geroztik Debagoienako Ospitalean, Arrasaten; eta, Zarautz Herri Zaintzailea elkarteko kidea ere bada. Antolatzaileek aurreratu dutenez, zirujau baten zehaztasunaz azalduko du solasaldi honetan eutanasia eta zainketa aringarriak banatzen dituen "lerro fina" , "eta hitz egingo dio bizitzeko hain zaila eta bizigabea den zerbaiti, heriotzari berari". 

Elgoibarko Kultur Etxean izango da hitzaldia, apirilaren 7an 18:30ean.

Hitzaldian parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman behar dute, honako lotura honetan klik egin eta norbere datuak emanda.

Irun, Donostia, Orio, Zarautz, Elgoibar eta Tolosa udalerrietan hausnarketarako 42 gune sortzea da heriotzari buruz berba egiteko antolatu duten kanpainaren helburua, "Gipuzkoako herritarren artean bizitza-amaierako prozesuak bertakotzeko". Gipuzkoako Foru Aldundiko ekonomia departamentuak eta Adinberrik finantzatutako jarduerak dira guztiak, eta Bihotzetik Elkarrekin Eraiki SLk koordinatzen ditu.

Honela azaldu dituzte euren zioak antolatzaileek: "Denok dakigu, behin jaio garela, gure bizitzako lehen minututik, badakigu lehenago edo geroago, modu batera edo bestera, gazteago edo helduago, bat-batean edo prozesu motel batean, hil egin behar dugula. Gaur egungo gizartean, non korrika eta pantaila bati itsatsita bizi garen, gogoetari tarterik eman gabe eta egunerokotasun gero eta frenetikoagoan bizi garen, zaila egiten zaigu heriotzari begiratzea, zaila egiten zaigu hori onartzea, onartzea eta gure parte dela jakitea".

2022 04 06 heriotza duina hitzaldia kartela bihotzetik elgoibar

 

∞Lotura duten albisteak: