Denboraldi honetarako jarrita zuren lehen helburua bete du Alcorta Forging Group eskubaloi taldeak, estatuko lehen mailara igotzeko azken faserako sailkatzea, iaz galdu zuten maila berreskuratzeko bidean.
Joan den zapatuan Olaizagan jokatutako neuketan Oñatiko Fagor Professional Aloña Mendiri 26-25 irabazi ostean eskuratu zuen sailkapena, matematikoki. Elgoibartarrak igoerako lehen faseko beraien multzoko lehen postuan daude orain, 12 punturekin. Azken jardunaldira arte lehen postuan zegoen Indupime Basaurik galdu egin zuen Ereintzaren aurka, eta bigarren daude orain, 11 punturekin. Errenteriako Ereintza Beissier taldea dago hirugarren 10 punturekin. Alcortak Ereintza izango du aurkari, Errenterian jokatuko duten azken jardunaldiko norgehiagokan. Sailkapena kontuan izanda, lehen hiru sailkatuen arteko lehiatik irten beharko lukete igoerako kanporaketak jokatuko dituzten bi taldeen izenak, baina Ereintzak ez du mailaz igotzeko aukerarik, horretarako aukera kantxan irabazita ere, Nazional Mailan diharduen talde baten filiala baita Erentza Beissier, eta araudiaren arabera klub bereko bi talde ezin dira kategoria honetan lehiatu. Hortaz, izan zezakeena baino zirrara txikiagoa izango du azken jardunaldiak. Edonola ere, igoera faseko lehen postua eskuratzeko eta Euskadiko Txapelketa irabazteko erronka jarri dio bere buruari Alcortak. Titulua eskuratzeaz gainera, azken garaipen hori onuragarria izango litzateke taldearen motibaziorako eta abantaila ere eman diezaioke kanporaketetako gurutzaketei begira. Igoerako azken fase hori maiatzaren 13tik 15era bitartean jokatuko dute, eta lehenak bakarrik lortuko du saria: Lehen Nazional mailara igotzea.
• Sanloko hiru jokalari Euskadiko selekzioen deialdietan
Espainiako Selekzio Autonomikoen Txapelketa (CESA) jokatuko dute Murtzian, apirilaren 9tik 14ra bitartean. Hainbat kategoriatako Euskadiko eskubaloi selekzioak lehiatuko dira txapelketa horretan, eta Sanloko hiru jokalari sartu dira euskal selekzioon deialdietan. Infantil mailako mutilen euskal selekzioarekin arituko da Ekin Furnier, kadete nesken selekzioarekin Nahia Urbiola; eta, jubenil nesken Euskadiko selekzioa ordezkatuko du Eider Elorzak.