Korrikaren aurreko edizioetan Sidney edo Munich moduko hirietan antolatutako Korriketan hartu izan dute parte elgoibartarrek. Eta, 22. Korrika ere zabaldu da nazioartera. Etxepare Euskal Institutuak bat egin du AEK-ren ekimenarekin, Euskal Herritik kanpo euskarari babesa eman eta adierazteko. Horrela, mundu osoko euskal etxeetako kide eta unibertsitate sareko lagunek askotariko jarduerak antolatu dituzte egunotarako. Zehazki, munduko 21 hiritako euskal etxe eta unibertsitatetan sustatu ditu euskararen aldeko Korrika-k Etxeparek. Horiez gainera, munduko beste hainbat herrialde eta hiritan bizi diren euskaldunek ere egin dute bat Korrikarekin, Ane Kortaberria eta Joanes Røsø elgoibartarrak, adibidez, Hego Koreatik.
Ane Kortaberria elgoibartarra bere ikasketa prozesuaren baitan egin beharreko "Learning Journey" edo ikaste prozesua dela-eta dago Hego Korean, bere ikas-talde kooperatibarekin, BATUrekin. Kortaberria LEINN graduko ikaslea da, Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua, Mondragon Unibertsitatean. Joanes Røsø, berriz, Tazebaez kooperatibako zuzendaria da, eta baita LEINN graduko ikasle ohia ere. Gaur egun ikasketa metodologia berritzaile honen mundu mailako zabalkundean dihardu lanean MTA (Mondragon Team Academy) talde ekintzaileen sarearen eskutik, eta Hego Korean da uneotan. Aurrekoaz gain, Sungkonghoe University-n nazioarteko ekintzailetzan irakasle gobidatua ere bada, eta proiektu ezberdinetan dihardu lanean aholkulari bezala, tartean, Ane Kortaberria eta bere taldekideekin.
Oraingoan ere elkarlanean aritu dira, baina Seulen Korrika antolatzeko. Bideo batean jaso dute Seulen Korrika antolatzeko prozesua. Hiriko erdigunean dagoen Cheonggye plazatik, Udaberriari eskainitako eskulturaren paretik, abiatu zen elgoibartarrek antolatutako Korrika. Ikus honako bideoan:
*Irudiak: Joanes Røsø