Umeentzako irakurketa kluba antolatu du Mendaroko Arno Guraso Elkarteak, Udal Liburutegiaren laguntzarekin

Barren.eus 2022ko api. 8a, 11:01

Irakurzaletasuna eta liburuekiko interesa sustatzeko eta euskara hauspotzeko, 'Letren harietatik jolasean' irakurketa kluba sortu du Arno Guraso Elkarteak Mendaro ikastolako HH5etik LH6ra arteko ikasleentzat, Mendaroko liburutegiaren laguntzarekin. 

Hiru adin tarte banatu dituzte, eta  guztira 30 ume eta hogeiren bat guraso ari dira parte hartzen. Atzo izan zuten estreinako saioa, eta beste bi dituzte lotuta ikasturtea amaitu bitarterako. 

40 minutuko hiru saio, hilabeteko bat. Hamar ume taldeko, eta hiru adin tarte: HH5etik LH2ra, LH3 eta LH4koak eta LH5 eta LH6koak. Hala aurkeztu zuten, baina izena eman dutenen zerrenda ikusita, taldeak aldatu behar izan dituzte, izena emandakoetako inor kanpoan ez lagatzeko. Atzo izan zuten estreinako saioa, eta maiatzaren 5erako eta ekainaren 2rako lotu dituzte hurrengo biak. Mireia Delgadok gidatzen ditu saioak. Pedagogoa eta antropologoa da ikasketaz Delgado, eta bitartekari literario eta ipuin-kontalari gisa ere aritzen da han-hemen. Delgadorekin, irakurmenari, idazmenari eta literaturari bazter guztietatik egingo diote kilika saio hauetan, euskaratik eta euskaraz.

2022 04 07 Irakurketa kluba Mendaron

2022 04 07 Irakurketa kluba Mendaro txikiak