Leyre Castro: “Bizitza maleta batean sartuta iristen dira errefuxiatuak”

Barren.eus 2022ko api. 8a, 13:59

Nazioarteko Harremanak ikasi ditu Leyre Castrok (Elgoibar, 1997) Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Erasmus programaren bitartez joan zen Poloniara 2018an, ikasketen hirugarren mailan. Urtebetez egon zen Krakovian, eta berriz itzuli zen Bilbora, ikasketak amaitzera. Ondoren, masterra egitera joan zen berriz Krakoviara. Praktikak Armenian egin nahi zituen, baina han gerra piztu zenez, Varsoviara joan zen. Nazioarteko Segurtasuna eta goi mailako politika ikertzen duen enpresa batean egin zituen praktikak, eta momentuz Polonian geratzea erabaki du, Europa ekialdeko herrialde post-komunistetako politika interesatzen zaiolako. Ukrainako gerra gertutik bizi du, beldurrez une batzuetan, kezkaz beste batzuetan, eta bere lanari lotuta, interesez ere bai. Ukrainako errefuxiatuei laguntzeko hainbat ekimen burutu ditu, eta horren berri eman digu.

  • Europa ekialdeko politikarekiko duzun interesak eraman zaitu Poloniara.
Bai, herrialde hauetako demokraziak interesatzen zaizkit. Europako herrialdeetako demokraziak oso desberdinak dira, eta bereziki herrialde post-komunistak interesatzen zaizkit. Hemengoak ez dira demokrazia liberalak, eta hori idazten jardun naiz. Horretan espezializatu naiz, eta horregatik nago Polonian.

 • Ukrainarekin mugan zaudete. Nola bizi duzu gerra?
Politikoki interes handia daukat herrialde hauetan, eta alde horretatik gerra interes handiz bizi dut, baina bestela, egoera oso gogorra izan da. Orain lasaiago gaude, baina hasieran etengabe albistegiak ikusten egoten ginen denok. Irudi benetan beldurgarriak ikusi ditugu, eta egoera latza da. Poloniara bi milioi errefuxiatu inguru iritsi dira, eta hori herrialde
batentzat asko da. Ni Varsovian bizi naiz, eta tren geltokiko irudiak beldurgarriak dira. Errefuxiatuak ezer gabe iristen dira, maleta txiki bat eskuan dutela, jendea han inguruan lotan... Varsoviako populazioa %10 handitu da azken hilabetean, eta hori hiri batentzat sekulakoa da.

 • Errefuxiatu horiei laguntzea erabaki zenuen, eta sare sozialen bidez egin zenuen deialdia. Nolako erantzuna izan duzu?
Instagram bidez egin dut diru bilketa, eta uste nuena baino erantzun zabalagoa jaso dut. Boluntario asko dabil lanean, baina ni hasieran ezin nintzen boluntario izan horretarako ezinbestekoa zelako polonieraz, errusieraz edo ukraineraz hitz egitea. Orain badaude ingelesez funtzionatzen duten boluntario taldeak, baina hasieran ez, eta nik polonieraz ulertzen dut zerbait, baina ez dut hitz egiten. Varsovian eta Krakovian erraza da ingelesez bizitzea. Ekialdean zailagoa da, jende gehiagok hitz egiten duelako polonieraz, baina hiriburuan denek dakite ingelesez. Ikasketak ingelesez egin ditut hemen, eta ikasgai moduan izan nuen poloniera hizkuntza, baina oso zaila iruditu zitzaidan. Hemen jende asko bizi da polonieraz, hiztun asko ditu. Diasporan ere, Londresen eta Chicagon, esaterako, poloniar asko bizi dira. Ikasten ari naiz, eta gero eta gehiago ulertzen dut, baina esan bezala, boluntario taldeetan aritzeko ez zen nahikoa. Hala ere, laguntzeko beharra sentitzen nuen, eta Instagramen abiatu nuen kanpaina. Lehenengo nire senideek eta lagunek lagundu zidaten, baina gerora ezagutzen ez nauen jendeak ere bidali zidan dirua. 2.500 euro inguru batu ditut, ia 12.000 zloty, eta diru horrekin gauza asko eros daitezke.

2022 04 08 leyre castro elgoibar polonian bildutakoaz super barren

 • Zein material erosi duzu?
Gauza asko, baina gehienbat kontserbak eta erraz hondatzen ez den janaria. Kontuan izanda errufuxiatu gehienak emakume eta umeak direla, konpresa eta pardelak ere asko erosi nituen. Botikak, esaterako, ez nituen erosi, hori Poloniako Gobernuak ematen duelako. Azkenean baina, kanpaina eten egin nuen, logistika arazoak nituelako. Ez daukat autorik eta erosten nuen guztia bilketa punturen batera eramateko lagunen bati eskatu behar izaten nion laguntza. Aurrerago agian saiatuko naiz berriz bilketa handiago bat egiten, eta kasu horretan posible izango litzateke kamioi bat alokatzea. 2.500 eurorekin kamioiaren gastua ere neure gain hartzea asko da, baina diru kopuru handiagoa lortuko banu, posible izango litzatekeela iruditzen zait. Jantziak ematekotan ere egon nintzen, baina jakinarazi dute une honetan ez dutela arroparik behar, jende askok eman dizkielako. Ikusi nuen Elgoibartik ere kamioi handi bat etorri zela arropaz eta janariz beteta.

 • Kanpaina honekin zeini lagundu nahi zenion ere oso argi zeneukan.
Bai, zibilei lagundu nahi nien, eta ez soldaduei, eta hori argi eta garbi azaldu nuen hasieratik Instagramen. Soldaduei lagunduta sentitzen nuen nolabait gerra finantzatzen ari nintzela, eta hori ez zen nire asmoa. Sufritzen ari den jende zibilari lagundu nahi nion, errefuxiatuei, Ukrainakoak edo Errusiakoak izan ez zait inporta, benetan sufritzen ari badira. Gerraren ondorioak jasaten ari diren zibiliei laguntzea izan da nire helburua hasieratik.

ELKARRIZKETA osorik BARREN aldizkariko 1240. zenbakian -PDF-

 

2022 04 08 leyre castro elgoibar polonian donazioa barren