Kilimon errekaren bitxikeriak ezagutu dituzte Inma Mugertza hidrogeologoarekin

Barren.eus 2022ko api. 8a, 14:05

Arno Guraso elkarteak antolatuta, Kilimon errekaren berezitasunak ezagutzeko aukera izan zuten mendaroarrek aurreko domekan, 'Mendaro herria ezagutzen' egitasmoaren barruan.

42 lagun batu ziren, eta Inma Mugertza hidrogeologo elgoibartarrak eman zizkien azalpenak. Ibilbidean zehar geldialdiak egin zituzten, Madarixatik Mendarora bitartean dituen zazpi kilometroko ibilbidean izaten dituen gorabeherak ezagutzeko. Besteak beste, agertu eta ezkutatzearen arrazoiak azaldu zizkien Mugertzak, errekaren irteera nagusia eta ubide lehorra ezagutu zituzten, eta baita Ebroko zuloa ere. Ura, iturriak eta ibaiak gure paisaien eta gure nortasun kolektiboen funtsezko elementuak direla; ura ustiatzeko baliabide bat baino askoz gehiago dela eta, ibaiak eta akuiferoak kanal edo ur-biltegi hutsak baino askoz gehiago direla azaldu zuen Mugertzak. Era berean, gure lurrazpiko ura altxor ordezkaezina dela, zaindu beharreko ondare naturala, eta gaur egun, eskualdeko lau herri hornitzen dituela urez Mendarok ere kontatu zuen.