Ronan Auge frantziarra gailendu da Elgoibarko Hiria Saria txirrindularitza lasterketan

Barren.eus 2022ko api. 11a, 15:44

Ronan Auge (UC Nantes Atlantique) eta Aimar Madina (Ulma) txirrindularien arteko esprintean erabaki zen domeka arratsaldean, junior mailako txirrindularientzako Valentin Romeraren Oroimenezkoa.

Gorabeheraz betetako 92 kilometroko ibilbidea osatu ostean, Ronan Auge frantziarra izan zen indartsuena Mintxetan hasi eta amaitu zen Valentin Romeraren Oroimenezko Elgoibarko Hiria Saria txirrindularitza lasterketaren 42. ekitaldian. Azken esprintean Aimar Madina Zubia txirrindulariak bakarrik eutsi zion Augeren ahalari. Irabazlearen taldekide Martin Orriere sartu zen helmugan hirugarren postuan, lehen bi sailkatuengandik 7 segundora, Adur Tapia (Viveros San Anton) txirrindulariarekin orpoz orpo.

Guztira 83 txirrindulari lehiatu ziren, aurreko edizioetan baino gutxiago, eta partaidetza jaitsiera horretan eragina izan zuen egun berean Bizkaian jokatu zuten junior mailakoentzako beste lasterketa bat jokatu izanak. 45 txirrindulari ailegatu ziren helmugara, tartean etxeko ordezkariak, Besa-Laboral Kutxa taldekoak. Eneko Ortega 18. postuan sailkatu zen, irabazleaengandik bi minutu eta 25 segundora eta Aritz Esnaola mendaroarra 28. postuan sailkatu zen. Taldekako sailkapenean UC Nantes Atlantique talde frantziarrak eskuratu zuen puntu gehien, eta horrenbestez, lehen postua. (ikus sailkapenak)

Oñatitik bueltan gertatu zen eguneko lehen ihesaldi garrantzitsua, zazpi txirrindularik tropela atzean lagatzea lortu zutenean. Horien artean zen Eneko Ortega elgoibartarra. Ihesaldian ordezkaririk ez zuten taldeetako txirrindulariek tropelaren erritmoa bizitu zuten iheslariek lortutako aldea murrizteko, eta Mutrikura ailegatzean harrapatu zituzten. Kalbario gaina igotzen ari zirela hautsi zen berriro tropela: Lasterketa buruan zortzi txirrindulariz osatutako tropeltxoa, eta atzean hainbat taldetxo, sakabanatuta. Azkaratetik buelta egin ondoren Mintxetara igotzeko aldapan erabaki zen lasterketa.

 Bi eroriko larri
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, bi eroriko larri gertatu ziren. Lehena Bergara parean gertatu zen lasterketaren hasieran, eta Donostiako Ospitalera eraman behar izan zuten erorikoa izan zuen Iparraldeko taldeko txirrindularia. Lepauztaia apurtu zuen. Kalbario gaina jaisten ari zirela gertatu zen bigarren eroriko larria, Atracciones Sanz taldeko txirrindulari bat erori zen, eta Mendaroko Ospitalera eraman zuten. Gaua ospitalean eman bazuen ere, ez diote ezer hautsirik topatu egin dizkioten frogetan.

Elgoibarko Lagun Taldeko arduradunek lasterketa antolatzen lagundu dieten laguntzaile boluntario guztiei eskerrak eman dizkiete, bereziki bidegurutzeak zaintzeko prest agertu ziren boluntarioei.

Elgoibarko lasterketaren laburpen bideoa ipini du sarean txirrindulariak.com atariak

2022 04 10 elgoibar hiria saria txirrindularitza podium 1