Alcorta, Euskadiko Txapeldun

Barren.eus 2022ko api. 13a, 08:01

Sekulako azken txanpa egin du Alcorta Forging Group eskubaloi taldeak, eta Euskadiko Txapelketa irabazita jokatuko du Lehen Nazional mailarako igoera kanporaketa.

Euskadiko Txapelketako igoera faseko lehen lau jardunaldietan hiru partida galdu zituen Alcortak, baina harrezgero errenkadan irabazi ditu partida guztiak, sei guztira. Azken jardunaldian 17-23 irabazi zion Ereintza Beissier taldeari Errenterian jokatutako partidan. Hala, Alcortak 14 punturekin bukatu du Euskadiko Txapelketa. Indupime Basauri sailkatu da bigarren postuan, 13 punturekin. Bi taldeok sailkatu dira estatuko Lehen Nazional mailarako igoera kanporaketa jokatzeko. Euskadiko eskubaloi federazioaren ordezkariak izango dira igoera kanporaketa horietan. Zozketa bidez erabakiko dituzte Alcortaren hiru aurkariak. Igoerako azken fase hori maiatzaren 13tik 15era bitartean jokatuko dute, eta lehenak bakarrik lortuko du saria: Lehen Nazional mailara igotzea.

∞Lotura duten albisteak: