Izena emandako lagunekin txandak antolatuko dituzte gero. Bai barikuan (maiatzak 6) eta bai zapatuan (maiatzak 7), ordutegia betetzeko. Txanda egiteko ordutegiak eta saltokiak boluntario kopuruaren arabera antolatuko dira.
Janari bilketan boluntario izan nahi duten lagunek hainbat modu dute izena emateko: arreta@elgoibar.eus e-postara idatzita, 943 741 050 telefonora hots eginda edota Herritarren Arreta Zerbitzuan-HAZ (Santa Ana 2, behea).
Boluntarioen laguntza ezinbestekoa dela esan dute ekimenaren sustatzaileek, "kanpainak arrakasta izateko, saltoki eta ordutegi guztiak betetzea komeni da, eta horrekin harreman zuzena du boluntarioen kopuruak. Zenbat eta gehiago izan, denbora gehiagoan arituko gara elikagaiak jasotzen eta elikagai gehiago jasotzeko aukera izango dugu. Gainera, zenbat eta lehenago lotu boluntarioak, errazagoak izango dira kudeaketa lanak", jakinarazi dute
Janari bilketaren inguruan hainbat ohar eman dituzte antolatzaileek:
- Boluntarioen eginbeharrak: Txaleko bereizgarriak jantzita, merkataritza-gunean sartzen direnei bonu bat emango diete dohaintza egiteko, edo bestela, poltsa bat eskaini eta poltsa janariarekin bueltatzera gonbidatuko dituzte. Ondoren, poltsak jaso eta dohaintzan emandakoa propio prestatutako enbalajeetan jarriko dute.
- 2022koa janari bilketa mistoa izango da (elikagaiak eta bonuak), Elgoibarko BM eta Eroski supermerkatuetan bi moduetara, eta Mercadonan soilik bonu bidez.
- Elgoibarren, 2014 urtetik hona, adingabeekin batera parte har daiteke elikagaien bilketan, betiere, pertsona horiek balioetan hezteko helburuarekin.
- Adingabeek parte hartu ahal izan dezaten, ezinbestean, pertsona heldu baten ardurapean egon beharko dute. Nolanahi ere, neska-mutikoak boluntario gisa izena eman beharko dute, gainerako boluntarioei bezala, asegurua egin diezaieten.