2022rako Euskararen Ekintza Plana osatu du Mendaroko Udalak, UEMAren gidaritzapean

Barren.eus 2022ko api. 19a, 09:39

 
Plana egiteko oinarri nagusietako bat iazko Euskara Plana izan da, aurtengorako lehentasunak identifikatzeko eta zehazteko iazkoaren balorazioan oinarritu baitira. 2021ean "aurreko urteetan baino askoz aurrerapauso handiagoak eman direla" jaso du prentsa-oharrean Udalak, eta egindako urratsen artean aipatu du Euskara Mahaia osatu izana. Iaz, bilera bakar bat egin zuten Euskara Mahaiko partaideek eta dinamika horri jarraipena ematea jarri du erronkatzat Udalak. "Herritar euskaltzale multzo bat lanerako gogoz dago, eta Udala ere urratsak egiteko bidea irekitzen ari da. Bide onetik goazelakoan eta horri eutsi beharko geniokeelakoan gaude. 2022an ere badugu zer egin, eta gogotsu ekingo diogu bideari", nabarmendu dute oharrean.
 
Euskara Planak hamar lan-ardatz, hamazazpi helburu zehatz eta horiek gauzatzeko 67 ekintza jasotzen ditu guztira. Lan-ardatzak ondorengoak dira: Udalaren euskalduntzea; familia transmisioa; euskalduntze-alfabetatze eta etorri berriak; arlo soziekonomikoa (merkataritza, ostalaritza, banketxeak, lan mundua...); aisia, kirola eta kultura; irakaskuntza; beste administrazioak (osasungintza, bake epaitegia...); sentsibiliazioa eta ahalduntzea; udalerriaren zaintza (ELE, AZTERKETAK...) eta dirulaguntzak. 
 
Planean jasotako ekintza guztiak aurten gauzatuko dituztela zehaztu dute, UEMAren eta, zenbait kasutan, herriko eragileen laguntzarekin. Ekintzetako batzuk UEMAko beste herri batzuekin elkarlanean egingo dira, eta beste zenbait ekintza herrian sortutakoak izango dira eta "Mendaroko behar zehatzei" erantzungo diete. Egi n nahi dituzten ekintzen artean daude honako hauek, besteak beste: euskara ikasteko ikastaroak, haur eta gurasoentzako tailerrak, euskalduntze-alfabetatzea indartzeko ikerketa, herriko banketxeko euskararen erabileraren inguruko behaketa, euskarazko aisialdia, kale erabileraren neurketa, eta Hedatu hezkuntza proiektua.