Urte hasieran abiatu zuen Aranzadik mendigaineko ondare arkeologikoa ikertzen jarraitzeko kanpaina, azken 10 urteotan bertan egiten diharduen azterketa-lanekin jarraituz. Aurtengoan, baina, ikerketa Plazentzia-Elosua estazio megalitikoaren eremutik kanpo kokatu dute, ofizialki estazioa hasten den lekutik Karakateko tontorrera bitarteko zatian, eta hain zuzen, eremu horretan topatu dituzte historiaurreko bi hilobiren aztarnak: “bi zista”, Jesus Tapia Aranzadiko kideak azaldu duenez. Lehena, Gortazar deitu diotena, Hilarriak taldekoek topatu zuten zista txikia da eta Karakatetik metro gutxitara dago bidearen erdian; bigarrena, berriz, Otsoaldasoro, Karakatetik urrunxeago aurkitu dute, Akilar izenez ezagutzen den mendixkaren ostean, eta lehenengoa baino handiagoa da.
Suarriak eta eskuzko errota
Egunotan, Aste Santuko opor egunak baliatuz, Aranzadiko kideek eta Elgoibar eta Soraluzeko hainbat boluntariok monumentuak industen jardun dute, eta hauetan aztarna ikusgarririk topatu ez badute ere, tumuluen egiturak bistaratzearekin batera, historiaurreko zenbait pieza txiki ere agertu dira, besteak beste: landutako suarri laska batzuk eta eskuzko errota baten gaineko harria. Datozen egunetan, Aranzadik aurkitutako momumentuen gaineko inbentario zehatza osatuko du eta ofizialki erregistratuko ditu gaur arte Plazentzia-Elosua estazio megalitikoan aurkitu diren 19 monumentuekin batera.
Muskiritzuko ondarearen liburuxka
Bestalde, ekainaren 19an, Debegesak eta Aranzadik Plazentzia-Elosua estazio megalitikoaren gaineko liburuxka argitaratuko dute, eremu horretan XX. mende hasieratik 2021era arte aurkitu diren historiaurreko aztarnen errepaso zehatza eginez. Izan ere, iaz bete ziren ehun urte Joxe Miguel Barandiaranek eta bere taldeak Muskiritzuko mendilerroan ikerketak abiatu zituenetik.