Hil aurreko azken borondateei buruzko hitzaldia, astelehenean

Barren.eus 2022ko api. 22a, 08:56

Bihotzetik fundazioak heriotzari buruzko jardunaldiak antolatu ditu beste hainbat elkarterekin batera, eta hitzaldi-ziklo horren barruan, hil aurreko azken borondateei buruzko hitzaldia emango du astelehenean Iñaki Saralegi Osakidetzako aurretiazko borondateen programaren arduradunak. 18:30ean izango da, Musika Eskolako auditoriumean. 

 

Bihotzetik elkarteak sustatuta, heriotzari buruzko jardunaldiak egiten ari dira Gipuzkoako sei herritan, hain zuzen ere herri horietan heriotza kontzientearen alde lan egiten duten elkarteekin batera. Gure kasuan, Elgoibarko Almaur elkartea ere antolakuntza taldean dago. 42 hitzaldi emango dituzte guztira, eta horietako sei, Elgoibarren. Dagoeneko bi hitzaldi eman dituzte, eta datorren astelehenean izango da hirugarrena: Oraingoan Iñaki Saralegik hartuko du hitza, eta hil aurreko azken borondateen dokumentuari buruzko argibideak emango ditu. Saralegi Osakidetzak martxan daukan aurretiazko borondateen programaren arduraduna da, eta kontu horietan esperientzia handia dauka. Besteak beste, norbere erabakiak nork hartzen dituen galdetuko die entzuleei, eta gogoetarako hainbat galdera egingo ditu, besteak beste, hil aurreko azken uneetan hitz egiteko ahalmenik ezean, nor nahiko lukeen bere ordezkari izatea. 

Apirilaren 25ean izango da hitzaldia, 18;30etik aurrera, Inazio Bereziartua Musika Eskolako auditoriumean.

Izena emateko https://www.bihotzetik.org/reserva/localidad/ webgunea erabili daiteke, edo watssap bidez, 656 748 391 telefono zenbakian. 

Jardunaldi hauek Gipuzkoako Foru Aldundiko ekonomia departamentuak eta Adinberrik finantzatutakoak dira, eta Bihotzetik elkarteak koordinatuko ditu, herrietako Bidasoa zurekin, Bidegin, Zainbizi, Zarautz herri zaintzalea eta Almaur elkarteekin batera.

2022 04 22 azken borondateak kartela