Zortzi sarrera bikoitz zozketatuko ditugu 'Mi hijo solo camina un poco mas lento' antzerkirako

Barren.eus 2022ko api. 22a, 09:22

 

Tanttaka antzerki konpainiak ‘Mi hijo sólo camina un poco más lento’ antzezlana taularatuko du gaur Elgoibarko Herriko Antzokian, eta BARRENek zortzi lagunentzako bina sarrera zozkatuko ditu irakurleen artean. 

 

Tanttaka antzerki taldearen eskutik 'Mi hijo sólo camina un poco más lento' antzerkia ikusteko aukera izango dugu gaur, eta BARRENek, Udaleko Kultura Sailarekin elkarlanean, zortzi sarrera bikoitz zozketatuko ditu. Interesatuek mezu bat bidali beharko dute watssap bidez telefono honetara: 688 634 044. Mezuan norberaren izen-abizena zehaztu behar da. 13:00ak arteko epea dago mezuak bidaltzeko. 

Mia izeneko emakume bat da antzezlan honetako protagonista. Etxean lana besterik ez du egiten, eta bere deabruen aurka borrokatzen du, familiako hainbat kide zaintzen dituen bitartean: gurasoak, senarra, alaba eta Branko semea. Azken horrek mugikortasuna pixkanaka garalazten dion gaixotasun bat du, eta 25 urte bete dituen egunean, familiak festa bat prestatu dio.
Istorio hau Balkanetatik dator, Ivor Martinic dramaturgo kroaziarrak idatzi baitzuen, eta hainbat sari jaso ditu bizitzako gai garrantzitsuak umorez eta zintzotasunez lantzeagatik. Itzulpena Aizpea Goenagak egin du, eta Fernando Bernuesek zuzendu du Tanttaka Teatro konpainiaren ekoizpena. Hainbat belaunalditako hamar euskal aktorek osatzen dute antzeztaldea, bost gizonek eta bost emakumek, besteak beste, Mireia Gabilondo, Ane Gabarain, Klara Badiola, Miren Arrieta, Jose Ramon Soroiz eta Martxelo Rubiok.