Bi eguneko lasterketa izan da. Zapatuan, Deban jokatu zuten lasterketa, 105 kilometrokoa, eta domekan, Donostian, 111,5 kilometrokoa. Bi egunetan, Zumaiako Viveros San Anton taldearekin aritu ziren, baina arazo mekanikoak eta erorikoak tarteko, ezin esan lasterketa ona izan zutenik, lasterketara sasoi betean iritsi ziren arren.
UCI mailako proba izan da Gipuzkoako Klasikoa. Zapatuan Deban jokatu zuten eta Menno Huisingek (WWV) irabazi zuen. Elgoibar Lagun Taldeako Eneko Ortegak arazo mekanikoak izan zituen, eta ez zuen nahi besteko lasterketa egiterik izan. Aritz Esnaolak lortu zuen lasterketa amaitzea, baina Aitor Arranzek ez, eta zapatuan erretiratu egin zenez, domekan ezin izan zuen Donostian irteterik izan. Egian jokatu zuten domekako lasterketa. Irteera ofiziala eman eta kilometro ingurura, bidea estutzen hasi zen unean, eroriko bat izan zen, eta Elgoibar Lagun Taldeako bi txirrindulariak harrapatu zituen. Jaiki eta bizikleta gainera igo baziren ere, denbora dezente galdu zuten Ortegak eta Esnaolak, eta erretiratu egin zituzten.
Klasikoa Menno Huising herbeheretarrak irabazi zuen, eta Antonio Morgado (BAI) eta Vlad Van Mechelenek (CAN) osatu zuten podiuma. Taldekako saria Bairrada Cycling Club taldearentzat izan zen, eta lehen euskal herritarraren saria Ibai Azanzak (NAF) eskuratu zuen. Aipagarria, era berean, zapatuan, Adur Tapia Viveros San Anton taldeko txirrindulariak egin zuen lasterketa, bera izan baitzen lehen gipuzkoarra.
• Aroa Saez txapeldunorde Mendaroko nfantilen lasterketan
Infantil mailako lasterketa jokatu zuten zapatuan Mendaroko industrialdean, eta Elgoibar Lagun Taldeako Aroa Saezek bigarren egin zuen nesketan, Bizipoz taldeko Iza Ezkibelen atzetik. Hirugarren, Ezkibelen taldekide Arantxa Anduaga sailkatu zen. Mutiletan, berriz, Auritz Ormazabal Zatikerrekoak, Unai Ormaetxea Dorletako Ama Etxekoak eta Aitor Murguzur Bizipoz taldekoak osatu zuten. Egun berean, benjaminek eta alebinek ere izan zuten aukera industrialdean lasterka aritzeko, hastapeneko ariketa moduan, eta alebinetan, Elgoibar Lagun Taldeako beste txirrindulari batek, hirugarren egin zuen, Enaitz Iraolagoitiak, Bizipoz taldeko Aimar Irizarren eta Telmo Urzelairen atzetik.