Bilbo, Txantrea eta Bergarako taldeek hartuko dute parte Elgoibarko Erraldoien Topaketan

Barren.eus 2022ko api. 28a, 16:09

2020an Elgoibarren egitekoak ziren Erraldoien Topaketa bertan behera laga behar izan zuten pandemia zela-eta, baina badauka data berria. Maiatzaren 28an egingo dute. Era berean, zapatu honetan estreinatuko dituzte buruhandi berriak.

Bilbo (Ondalan), Txantrea eta Bergarako erraldoien konpartsek hartuko dituzte Elgoibarko kaleak maiatzaren 28an, Elgoibarko erraldoiekin batera. Egun osorako egitaraua prestatu du Elgoibarko Udalak Erraldoien Topaketarako. Hona antolatu dutena:

Maiatzak 28, zapatua

  • 10:00etan, Diana Mauxitxa txarangarekin.
  • 12:00etan, Kalegoen plazan Erraldoien Erakusketa.
  • 12:00etatik aurrera, kale animazioa Elgoibarko Dultzaineroen, Txantreako Dultzaineroen, Arrasateko Dulzaineroen, Bilboko Dultzaineroen eta Mauxitxa txarangaren eskutik.
  • 17:30ean, Erraldoien kalejira. Ibilbidea: Kalegoen plaza, Santa Ana kalea, San Ignazio kalea, San Bartolome kalea, San Frantzisko kalea, Maala, San Frantzisko kalea, Errosario eta Kalegoen plaza

 • Zapatuan estreinatuko dituzte buruhandi berriak
Umeek ezagutzen dituzte Tartalo, Mari, Basajaun eta Basandere buruhandiak, azken bi urteetan ospatu ez diren San Bartolome jaien harira antolatu dituzten erakusketetan ikusita, baina pandemiaren ondorioz, buruhandi hauek ez dira oraindik kalera irten. Zapatuan, apirilaren 30ean, estreinatuko dituzte. Erraldoiak eta Buruhandiak eta zezenzikletak kalejiran irtengo dira Kalebarren plazatik, 17:30ean, eta Lekueder plaza buruhandirik gabeko gunea izango da.

2022 04 28 2020 08 31 erraldoi buruhandiak erakusketa elgoibar aitagirre laukoteberria