BIDEOA: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen oparia Atxutxiamaikari

Barren.eus 2022ko mai. 3a, 09:38

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek 'Kuikui' antzezlana taularatu zuten, aprilaren 29an, Elgoibarko Herriko Antzokian, eta saioa baliatu zuten herrian euskara sustatzen duen Elgoibarko Izarra elkarteko Atxutxiamaikari aitortza egiteko, urteetan umeen aisialdia euskaraz eskaini eta umeak euskarara hurbiltzeko egiten duen lanagatik. (bideoa dauka)

Kiribil barraskiloak jaso zuen pailazoen oparia; euskararen habia goxoa. Elgoibarko umeak aspaldian zeuden Kiribil ikusi gabe, baina barraskiloak bere itzuleraren berri eman zien Herriko Antzokian Kuikui ikustera bildutakoei. Berriz itzuliko dela esan zien barraskiloak, plazan ikusiko dutela elkar eta ume zein gurasoekin euskaraz jolasten eta hezten jarraituko duela gogora ekarri zien.

Izan ere, pailazoek euskarari eutsi nahi izan diote Kuikui ikuskizunean. Pailazoek txoriak direla amestu zuten, eta munduari kuikui esan zieten. Kuikui txorrotxioa egingo diote munduari, euskaratik eta euskaraz.

Ikus bideoan: