Laguntzeko prestutasuna dutenek eguenerako eman behar dute izena, 943 741 050 telefono zenbakira deituta, edo Herritarrei Arreta Emateko Zerbitzura (Santa Ana 2, behea) joan. "Boluntarioen laguntza ezinbestekoa da, kanpainaren arrakasta eta saltoki eta ordutegi guztiak bete ahal izateko, boluntarioen kopurua hertsiki lotuta baitaude. Pertsonen prestasun azkarrak, gainera, kudeaketa erraztuko du", azaldu dute antolatzaileek. Gipuzkoako Elikagaien Bankuak antolatu du, Elgoibarko Gurutze Gorriarekin eta Udalarekin elkarlanean.
Boluntarioen zerrenda osatuta dutenean, txandak antolatuko dituzte, bai ostirala bai larunbata betetzeko. Txandarako ordutegia eta saltokia boluntario kopuruaren araberakoak izango dira.
Janari bilketaren inguruan hainbat ohar eman dituzte antolatzaileek:
- Boluntarioen eginbeharrak: Txaleko bereizgarriak jantzita, merkataritza-gunean sartzen direnei bonu bat emango diete dohaintza egiteko, edo bestela, poltsa bat eskaini eta poltsa janariarekin bueltatzera gonbidatuko dituzte. Ondoren, poltsak jaso eta dohaintzan emandakoa propio prestatutako enbalajeetan jarriko dute.
- 2022koa janari bilketa mistoa izango da (elikagaiak eta bonuak), Elgoibarko BM eta Eroski supermerkatuetan bi moduetara, eta Mercadonan soilik bonu bidez.
- Elgoibarren, 2014 urtetik hona, adingabeekin batera parte har daiteke elikagaien bilketan, betiere, pertsona horiek balioetan hezteko helburuarekin.
- Adingabeek parte hartu ahal izan dezaten, ezinbestean, pertsona heldu baten ardurapean egon beharko dute. Nolanahi ere, neska-mutikoak boluntario gisa izena eman beharko dute, gainerako boluntarioei bezala, asegurua egin diezaieten.