'Mendaro herria ezagutzen’ proiektuan sakontzeko helburuarekin, herriko ondare geologiko, espeleologiko eta arkeologikoa ezagutarazteko egitasmoa prestatu zuen Mendaroko Arno Guraso Elkarteak, eta egitarau horren barruan, arkeologia esperimentaleko saioa antolatu dute maiatzaren 14rako, Elgoibarko Hezur Museoko arduradun Jose Julian Marquezekin elkarlanean.
• Jumar teknika ikasteko ikastaroa
'Mendaro herria ezagutzen' egitasmoaren barruan egitarau oso bat iragarri zuten Arnotik. Lehenengo hiru ekintzak gauzatu dituzte dagoeneko. Morkaiko-Leizarpe espeleologia taldeko Evaristo Rodriguezek 'Mendaro, harria eta ura' izeneko hitzaldia eskaini zuen Trinitaten, Imma Mugertza hidrogeologo elgoibartarrak Kilimon errekaren berezitasunak azaldu zizkien gero Kilimon bailaran egin zuten ibilaldian, eta zapatuan, jumar teknika ikasteko oinarrizko ikastaroa eman zieten Leizarpe taldekoek Mendaro ikastolako ikasleei, eskola kiroleko ekintza osagarrien barruan (beheko argazkietan). Maiatzaren 14an, berriz, historiaurrean ehizarako erabiltzen zituzten erremintak egiteko teknikak irakatsiko dizkie Jose Julian Marquezek Mendaroko eskola-umeei, bai eta sua egiteko teknika ezberdinak ere.
∞Lotura duten albisteak:
- Mendaroko ondare geologiko, espeleologiko eta arkeologikoa ezagutarazteko egitasmoa abian da (2022-01-21)