Sorapediak, Soraluzeko entziklopedia digitalak, eginiko bideoan Karakaten eraiki nahi duten parke eolikoari buruzko hainbat datu jaso dituzte, besteak beste, aerosorgailuek izango duten kokapen zehatza eta horien neurriak: oinarriarena, dorrearena eta palena. Gainera, izango duten tamainaz eta proportzioetaz jabetzeko giza irudi batzuk jarri dituzte aerosorgailuen oinarrian. Hona bideoa:
Green Capital enpresak (Capital Energy konpainia) aurkeztutako aurreproiektuan oinarrituta sortu dute animazioa. Enpresa horrek bi aerosorgailu eoliko ipintzeko aurreproiektua aurkeztu du. Akilarren ipini nahi dute bata, Karakatetik Gizaburuagara bitartean, eta Pagomuneta eta Gizaburuaga bitartean bestea, kilometro karratu erdiko eremuan (50 hektarea).
• Herritar ugari zentral eolikoari buruzko hitzaldian
Karakate mendi gainean eraiki nahi duten zentral eolikoari aurre egiteko sortu duten Karakate Bizirik-Elgoibar taldeak antolatuta, Oier Etxebarriak (Goiener kooperatiba) eta Iñigo Lezeak (Arabako Mendiak Aske) hitzaldia eman zuten atzo, Kultur Etxean, eta jende ugari batu zen. Hainbat gairi buruz jardun zuten bi lagunok, besteak beste, zentral eolikoek eragindako kalteez, mobilizazio molde desberdinez, energia komunitateez, autokontsumo partekatuaz, e.a. Antolatzaileek azaldu dutenez, gaia jendarteratu, informazioa zabaldu eta gogoeta egiteko helburuarekin antolatu zuten solasaldia eta aurrerantzean halako gehiago antolatzeko asmoa dutela aurreratu dute.
Elgoibarko eta Soraluzeko Karakate Bizirik plataformek zentral eolikoaren kontrako protesta-martxa ere antolatu dute domekarako.