Frontoian izango da ekitaldia, eta 10:30ean hasiko da.
Eibarren egoitza duen Odisea elkarteak askotariko mahai-jokoak ekarriko ditu Mendarora eta elkartekideak eurak egongo dira joko-arauak azaltzen. Jardunaldi horren barruan, Catan txapelketarako kanporaketa ere jokatuko dute. Devir argitaletxeak argitara emandako jokoa da Catan, mahai-joko modernoetan lehenetarikoa, eta erreferente bihurtu dena. Egun 40 herrialde baino gehiagotan dago eta 30 hizkuntza baino gehiagotan jokatzen da. Klaus Teberrek sortu zuen Catan, 1995.urtean, eta 2015az geroztik, euskarazko bertsioa ere badu. Plazaratutako baliabideen kudeaketan oinarrituriko 2-6 jokalarientzako mahai-jokoa da. Jokalariak herri, hiri eta bideak egin behar dituzte puntuak lortzeko. Eraikitako herri, hiri eta bideek puntuak ematen dizkiote jokalariari eta 10 puntura lehenengo heltzen den jokalariak irabazten du. Ordenagailu eta telefono mugikorretarako bertsioak ere badaude.
Mendaron jokatuko den txapelketarako hogei lagunentzako lekua dago. 10 urtez gorako edonork eman ahal izango du izena (adingabeek gurasoen baimena beharko dute). Txapelketa 10:00etan hasiko da, eta 13:30ean geldialdi bat egingo dute parte hartzaileek, bazkaltzeko. Txapelketari 15:30ean emango diote amaiera. Txapelketan izena eman nahi duenak honako helbide honetara idatzi behar du izena emateko: contacto.odiseaeibar@gmail.com. Izena emateko azken eguna maiatzaren 20an izango da.
Aurrez, baina, maiatzaren 13an Catan jokoa ezagutzeko saio berezia antolatu dute elkartekideek. 16:30etik 20:30 bitartean egongo dira Uztargin, joko-arauak azaltzen. Odiseatik jakinarazi dute orduerdi batean erraz ikasteko jokoa dela.