Jokin Bildarratzek Hezkuntza Lege berria izango du hizpide Elgoibarren emango duen hitzaldian

Barren.eus 2022ko mai. 10a, 08:00

Jendartearentzat interesekoak izan daitezkeen hainbat gairen inguruko hitzaldiak antolatuko ditu Elgoibarko EAJk datozen asteetan, eta Jokin Bildarratzek emango du aurrenekoa, Hezkuntza Lege berriari buruzkoa.

Maiatzaren 19an, eguena, izango da hitzaldia Aita Agirre Kulturguneko areto nagusian, 18:30ean hasita.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek (Tolosa, 1963) Hezkuntza Lege berriaz berba egingo du Elgoibarko solasaldian. Legebiltzarreko gehiengoak adosturiko dokumentua oinarri hartuta, etorkizuneko Euskal Hezkuntza Legearen testu artikulatua idazten ari da Hezkuntza Saila, eta uda baino lehen aurreneko zirriborroa prest izateko esperantza agertu du Bildarratz sailburuak, EITBn emandako elkarrizketa batean aurreratu moduan. Udazkenean lege egitasmoa prest izatea nahi dute, Eusko Legebiltzarrari bidali ahal izateko, tramitazioari ekin diezaion.

Elgoibarko EAJ alderditik azaldu dutenez, gizartean interesa izan dezaketen gaien inguruko hitzaldiak antolatuko dituzte maiatzean eta ekainean Elgoibarren, eta honakoa izango da estreinakoa.

2022 05 10 hezkuntza lege berria hitzaldia jokin bildarratz eaj