Pandemiaren eraginez, Sanlok herriko mugen barruan antolatu zuen iazko eskubaloi campusa, Aubixan. Aurten ere Aubixan egingo dute egonaldietako bat, baina urrunago ere joango dira, Llaneseraino (Asturias, Espainia).
Izan ere bi txandatan antolatu dute campusa. Aurreneko txanda edo egonaldia Aubixan egingo dute, uztailaren 11tik 17ra bitartean. Alebin eta benjamin mailako neska-mutilentzat izango da, edo beste era batera esanda, 2010etik 2013ra bitartean jaiotakoentzako. Eskubaloiarekin lotutakoez gainera, Aubixan egingo duten egonaldian hainbat jarduera egingo dituzte, besteak beste, hondartzako eskubaloia, mendi-irteerak, festak eta hainbat jolas. Aubixakua mantenu osoko egonaldia izango da. Sanloko jokalarientzako prezioa 290 eurokoa izango da, eta 325 euro ordaindu beharko dute Sanloko jokalari ez direnek.
Bigarren egonaldia uztailaren 19tik 26ra bitartean egingo dute Llanesen. 2008an eta 2009an jaiotakoentzat izango da, infantil mailakoentzat, alegia. Llanesen ere mantenu osoan egongo dira eta hainbat jarduera egingo dituzte: irteerak kanoan, eskubaloia hondartzan, txangoak, e.a. Sanloko jokalarientzako prezioa 375 eurokoa izango da, eta 390 euro ordaindu beharko dute Sanloko jokalari ez direnek. Plaza kopurua mugatua dela ohartarazi dute Sanlotik.
- Informazio osoagoa eta izena emateko: https://sanlo.net
*Argazkiak: Sanlo EKT