Barren astekariak 30 urte beteko ditu aurten. 30, bai! 30 urte daramatza euskara elgoibartarren eta mendaroarren etxeetara eramaten, eta jakitun gara gainera, etxe askotan euskaraz irakurtzen den produktu bakarra dela. Harro eta pozik gaude herritarrek astero egiten diozuen harrerarekin, beraz, lehenik eta behin eskerrik asko 30 urteotako ibilbide honetan eman diguzuen babesagatik.
Denetik izan dugu 30 urteko ibilbide honetan, une hobeak eta gogorragoak, baina zuei esker, zuek hala nahi izan duzuelako, hemen jarraitzen dugu. Hasieran zuri-beltzean jaio zen BARREN, eta poliki-poliki joan zen kolorezko jantzia prestatzen. Hasieran, azala soilik zen koloretan, gerora barruan ere bi koloretako tinta erabiltzen hasi ginen, azkenik astekaria erabat kolorez jantzi genuen arte. Atalak ere moldatzen joan gara beharren arabera, baina bada gaur arte aldaketarik izan ez duen zerbait: Formatua. Hasieratik astekaria izan da BARREN eta beti A4 formatuan argitaratu dugu. Hemendik aurrera, txikiagoa izango da, baina lehen bezain mamitsua. Atal guztiei eutsiko diegu, eta tarteka gehigarri bereziak ere argitaratuko ditugu. Ez da hausnartu gabeko erabakia izan formatua aldatzearena, baina zenbait arrazoik eraman gaituzte formatu berrira. Batetik, paperaren garestitzea aipatu behar da, eta bestetik, dirulaguntzak banatzeko irizpideetara egokitu beharra. Esan daiteke, bada, ezinbestean hartutako erabakia izan dela, baina erabaki honek aldi berean garai berrietara egokitzeko aukera emango digu.
Aldizkari gazteagoa, freskoagoa eta modernoagoa da eskuartean duzuna, eramangarria, irakurterraza eta erakargarria. Kazetaritza egiteko modua aldatzen ari da etengabe eta sekulako abiaduran, gainera. Adituek diote kazetaritzaren sektorea trantsizio digitalaren aroan dagoela, eta horretarako prestatuko gara aurrerantzean. Trantsizio horretan ez gara bakarrik egongo gainera: Debabarreneko hedabideak izango ditugu bidelagun. Elkarlanaren bideari ekin diogu, elkarrekin emaitza hobeak lortuko ditugulakoan eta eraginkorragoak izango garelakoan. Herriari, gertuko informazioari eta herrigintzan diharduten eragileei, lotuta jarraituko dugu, baina bailarara leihoa zabalduta. Hazten jarraitu nahi dugu, zuekin batera eta zuen ondoan.
- Ikus hemen BARREN aldizkariaren 1243. zenbakia -PDF-