Goizeko hamarretan abiatu ziren guraso eta umeak Herriko Enparantzatik Santa Kurutzera, oinez, eta han zain zituzten Elgoibarko Hezur Museoko arduradun Jose Julian Marquez eta Morkaiko Leizarpe espeleologia taldeko Evaristo Rodriguez. Lehen gizakiak jantzi ohi zituzten larruzko arropak jantzita eman zizkien azalpenak Marquezek. Historiaurrean ehizarako eta arrantzarako erabiltzen zituzten erremintak erakutsi zizkien, bai eta erremintak nola egiten zituzten ere. Sua ere egin zuten harriak eta lastoa erabilita eta aho zabalik gelditu ziren haurrak. Ondoren, ehizarako teknikak probatzeko aukera ere izan zuten haurrek eta haien gurasoek. Erakusteko ekarri zituen piezen artean Mendaroko Agarre eta Aizkoltxo kobazuloetan aurkitutako Madeleine aroko pieza arkeologikoen erreplikak ere bazituen Marquezek, gainerako pieza guztiak bezala, berak eskuz egindakoak.