Elgoibarko tren geltokiko nasak eta markesina nagusia berrituko dituzte

Barren.eus 2022ko mai. 16a, 08:30

Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak 525.000 euro bideratuko ditu Elgoibarko tren geltokia eraberritzeko lanak gauzatzeko.

Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoaren bitartez, argi berdea eman dio Elgoibarko geltokiko nasak eta markesina nagusia eraberritzeko proiektuaren lizitazioari. Proiektuaren barruan, argiztapena hobetzea ere sartu dute.

ETStik jaitera eman dutenez, lanok 525.000 euroko oinarrizko aurrekontua izango du eta lau hilabeteko epean egin beharko dituzte. Gainera, Euskadiko trenbide sareko geltokiak genero-ikuspegiarekin diseinatzeko Liburu Zurian jasotako irizpideak jarraituko dituztela zehaztu dute. "Gida horren helburua da trenbidearen erabiltzaile guztientzat soluzioak eskaintzea, beren adin-, genero- edo gaitasun-baldintzak batzuk edo besteak izanda ere, espazioak eta zerbitzuak modu seguruan eta erosoan erabil ditzaten", azaldu dute.

Elgoibarko geltokiko nasak eta erdiko markesina berritzeko jardueren arrazoi nagusiak ere azaldu dituzte: batetik, gaur egun nasan Euskotrenen 950/900 unitateen plataformarekiko dauden kota-diferentziak, eta, bestetik, materiala zahartzearen eta hondatzearen ondorioz markesinan dauden filtrazioak.

Plegu honetan lizitatzen diren nasetako lanen artean honako hauek daude: eraispenak, zimenduak, igeltserotza eta zoladura, markesina eta bizi-lerroa instalatzea, altzairu herdoilgaitzezko altzariak eta burdineria hornitzea eta jartzea, urak biltzeko saneamendua, banden margotzea, gelditze-lerroak eta metalezko elementuak, LED argiteria instalatzea eta, azkenik, obra-amaierako garbiketa eta kutxeten egokitzapena. Obra fase bakarrean gauzatuko dute, modu jarraituan, amaitu arte.

Era berean, bidaiarien sarbidea ez da inoiz etengo, ezta trenbideko ohiko trafikoa ere; beraz, jarraibide horiekin bateraezinak diren lanak gauez egingo dituzte.

Hortaz, denboan bat egingo dute Mendaroko geltokian eta Elgoibarkoan egiten ari diren hobekuntza lanek, Mendaroko tren geltokia konpontzeko obrak hasi baitzituzten urte hasieran.

 

∞Lotura duten albisteak: