2021-2022 ikasturtean lehorreko ekosistemetako bizitza izan dute hausnarketa gai ikasleek Eskolako Agenda 2030 programaren barruan, eta gaiari lotutako hainbat ekintza gauzatu dituzte ikastetxeetan. Behin egoeraren diagnostikoa eginda, ikasleon ordezkaritza batek Eskolako Agenda 30eko udalbatzarrean aurkeztu zituen atzo ateratako ondorioak. Era berean, euren eskaera eta proposamenen berri ere eman zieten udal ordezkariei, "hiri jasangarri bat" eraikitze aldera. Halaber, aurten ikasleek hainbat konpromiso hartu dituzte. Udal ordezkariek ikasleen eskaera eta proposamenei erantzun zieten pleno aretoan egin zuten udalbatzarrean.
Ikasleek Udalari egindako ekarpenetatik azpimarragarrienak hauek izan dira:
- Udalak, bertako espezien alde egitea.
- Udalak ingurumenarekin lotutako ekintzak antolatzea.
- Udalak gune berde gehiago jartzea herrian.
- Udalak gune desberdinetan txorientzako etxetxoak edo kabiak jartzea.
• Eskolako Agenda 30 Debabarrenean
Debegesak, Debabarreneko garapen agentziak, hogei urte daramatza eskualdeko daletxeekin elkarlanean, Eskolako Agenda 30 egitasmoa sustatzen eta koordinatzen. Eskola-komunitateari zuzendutako garapen jasangarrirako heziketa programa bat da Eskolako Agenda 30. Egitasmoak hiru helburu ditu:
- Ikastetxeak ingurumen eta gizarte jardunbide egokien eredu bihurtzea.
- Ingurumen eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta horiei konponbidea emateko gai diren ikasleak heztea.
- Partaidetza eta ingurumenarekiko errespetua sustatzen duen hezkuntza bermatzea.
Guztira, 25 ikastetxe eta 8.000 ikasle baino gehiago ari dira parte hartzen Debabarrenean Eskolako Agenda 30 programan. Programaren baitan, hezkuntza komunitate osoari zuzendutako ekintzak antolatzen dituzte, ikasle, irakasle eta familiei zuzendutakoak, alegia.