Komunitate Energetikoak zer diren eta nola funtzionatzen duten ezagutzeko tailer praktikoa emango dute

Barren.eus 2022ko mai. 20a, 11:00

Etxebizitzetan energia berriztagarriak ezartzeko aukeren inguruan informatzeko tailerra antolatu dute maiatzaren 24rako.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Elgoibarko Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, Komunitate Energetikoak zer diren eta nola funtzionatzen duten ezagutzeko tailerra antolatu du maiatzaren 24rako, martitzena. Saioa, Aita Agirre kulturguneko areto nagusian izango da, 18:00etan.

"Gero eta gehiago dira Komunitate Energetikoak sortzearen aldeko apustua egiten ari diren Gipuzkoako udalerriak, baina herritarrik gabe ez dago Komunitaterik eta ezinbestekoa da hortaz herritarrek argi izatea zer diren komunitate energetikoak eta nola funtzionatzen duten", azaldu dute antolatzaileek. Tailer honen helburua gaiari buruzko informazio osatua eta zehatza azaltzea dela gaineratu dute.

Izaera praktikoa izango duen saio bati esker, energia berriztagarrien instalazioak aurrera eramateko baldintzak zeintzuk diren argituko du gaian espezializatutako aditu batek eta aldi berean, gure lurraldean martxan dauden instalazioen kasu praktikoen bidez instalazio horietan sortutako energia nola erabili daitekeen azalduko du.

Tailer honetan parte hartu nahi duten herritarrek, aurrez eman behar dute izena, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik ikasleen kopurua ezagutzea. Horretarako, honako bideak erabil daitezke:

  • Posta elektronikoa bidaltzea ondorengo helbidera: argitu@gipuzkoa.eus
  • Honako telefono zenbakira deitzea: 605 757 687(astelehenetik ostiralera. Ordutegia 9:00-18:00)
  • Informazio osagarria: www.argitu.eus


Tailer hauek Energia Argitu programaren baitan kokatzen dira eta bere helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea da. Horretarako, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren web gunea, eta abar. Honakoak dira 2022 urtean zehar Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak martxan jarritako gainerako prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzak:

  • Nola egokitu etxeko kontsumo elektrikoa tarifa berrietara erotu gabe.
  • Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe!
  • Ibilgailu elektrikoa eta mugikortasun jasangarrirako aukerak.
  • Komunitate Energetikoak: zer dira eta nola funtzionatzen dute (Berria)
  • Energia Argitu kit kanpaina (Berria): kanpaina honen helburua herritarrei etxeko energia-kontsumoa modu pertsonalizatuan auto diagnostikatu eta ulertu ahal izateko beharrezko tresnak ematea da, baita energia-eraginkortasuna hobetzeko eta, ondorioz, faktura elektrikoa murrizteko irtenbideak proposatzea ere.

2022 05 20 komunitate energetikoak tailerra kartela