Ainhoa Alonso EHUko Geologia saileko kide eta antolatzailearen esanetan “gure planetako bolkanismoaren gehiengoa, %85a, ozeanoen azpian gertatzen da, baina ur azpiko bolkanismoa eta bolkanak zailak izaten dira aztertzeko eta hain zuzen, arrazoi horregatik dira hain interesgarriak Elgoibarren, Eibarren eta Soraluzen dauden moduko arroka bolkaniko zaharrak, datu ugari eskaintzen dituztelako ur azpian gertatzen diren prozesu bolkanikoen inguruan gehiago jakiteko”.
Alonsok laburbildu du zein den haitz horiek historia: “Gure inguruko arroka bolkanikoak orain dela 80-110 milioi urte eratu ziren. Garai hartan, gure lurraldea ur azpian zegoen, itsaso tropikal baten pean eta Ozeano Atlantikoa zabaltzearen ondorioz, Iberiar eta Europar plaka tektonikoak bereizten hasi eta Bizkaiko golkoa ireki zuten. Irekitze horren ondorioz, itsaspeko lurrazala mehetu egin zen, mantua (lurrazalaren eta nukleoaren artean dagoen geruza) gorantz mugituz. Orduan, presio galerak mantua osatzen zuten arrokak urtu zituen, magma basaltikoak sortuz. Magma horiek, inguruko arrokak baino dentsitate txikiagoa zutenez goranzko ibilbidea hasi zuten, itsas-hondora, gaur eguneko lurrazalera, atera arte”. Hala, inguruotako aztarnek magmek goranzko bidai horretan izandako etapa desberdinak ikusteko aukera eskaintzen dute, geologoen zorionerako", azaldu du.
• Elgoibartik Soraluzera
Elgoibarren hasi zuten ibilbidea joan den maiatzaren 8an egin zuten bisita gidatuan, Olasoko hilerri aurreko aparkalekuan, Estartako eta Sigmako etxebizitzen inguruan. “Bertan, arroka ilunez osatutako gune bat dago, 30 metro ingurukoa, ganbara magmatiko modura jokatzen duena. Elgoibarreko sill horrek, aukera ematen du sakoneko magma guneetan gertatzen diren zenbait prozesu aztertzeko”.
Ondoren Eibarrera jo zuten, Azitaineko industria-gunera, “Eibar inguruan ugariak diren dikeetako bat aztertzeko. Dike hori itsaspeko bolkanetatik ateratzen ziren laben elikatze-bidea zen eta hortaz, aukera ematen du itsas-hondoan zeuden materialak ikusteko. Erupzio leherkorren kasuetan, magmaren gasa eta magma-zatiak, itsas ingurunean zabaltzen dira. 2012an antzeko erupzioak gertatu ziren Kanarietako El Hierro irlan”.
Eta azkenik, ibildearen azken etapara heldu ziren, Soraluzeko bidegorrira. “Bertan, magma basaltikoak itsas hondora ateratzen denean agertzen dituen ezaugarriak ikus daitezke. Ur azpian azaleratzen direnean sortzen diren kuxin-labak edo pillow-labak. Pillow-labak dira gure planetan kontserbatzen diren arrokarik zaharrenetakoak, eta urpeko bulkanismoaren aztarnak horiek balio dute baieztatzeko duela 4000 milioi urte, gure planeta osatu eta 500 milioi urtera, ozeanoak zeudela”.
Espainiako Geologia Elkarteak antolatzen duen Geolodia ekimenaren baitan egin zuten Elgoibar, Soraluze eta Eibarko arroka bolkanikoak ezagutzeko ibilaldia. Geologiaren dibulgazio-ekintza garrantzitsuena den Geolodia ekimena maiatzaren bigarren asteburuan egiten dute hainbat tokitan.
*Argazkiak: EHUko Geologia Saila.
∞Lotura duten albisteak: