Proiektuaren sustatzaileek adierazi dute gizarteko kolektibo askori egingo diela on ibaia leheneratzeak eta horregatik onuradun izango diren kolektiboei proiektua aurkezten ari dira orain. Hurrengo aurkezpen-saioa Soraluzen izango da, ekainaren 24an, 18:30ean, kiroldegian duten hitzaldi-gelan. Arturo Elosegi, Joserra Diez eta Miriam Colls biologian doktoreek eman zituzten azalpenak Altzolan, eta Collsekin jardun gara gu, zehaztasun gehiagoren bila.
• Zertan datza Merlin proiektua?
Europako ibai ekosistemen funtzioak leheneratzeko proiektua da Merlin, Europako Batasunak finantzatutakoa (22 milioi euroko aurrekontua du), eta Europa osoko 44 eragilek parte hartzen dute bertan, tartean EHUko ikertzaileek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Proiektu horren baitan Finlandiatik Israelerainoko 17 puntu aztertuko dira [errekak, ibaiak, zohikaztegiak eta hezeguneak], egoera naturalago batera bueltatzeko.
• Deba ibaiari ere eragiten dio proiektuak. Nola?
Ibaiak ekosistema adarkatuak dira eta bizidunak sare horretan mugitu behar izaten dira, baina gertatzen dena da ibaiak oso zatituta ditugula. Horregatik, aktiboan ez dauden hamar presa bota nahi dira Deba ibaian, presek ibaiaren konektagarritasuna eta espezieen mugikortasuna zailtzen dutelako. Foru Aldundiko Obra Hidraulikoetako Zuzendaritzak egingo ditu obrak.
• Proiektua herritarrei azaltzen ari zarete. Estreinako saioa Altzolan egin duzue. Zer jaso duzue?
Ibai ekosistemetan ikusten ditugun arazoentzat prozesu naturaletan oinarritutako irtenbideak bilatzen ditugu guk, beti ere gizakia ekuazio horretatik kanpo laga barik. Horregatik ari gara tailer hauek antolatzen, nahi dugulako ibai ertzetan bizi direnek ibaia nola ikusten duten jakin, guk oso garbi izan arren zer egin behar dugun alferrik ariko ginatekeelako bertakoek ulertu ezean. Uste dut zientzian ari garenok teknizismoak alboratu eta saiatu behar garela ibai ertzetan bizi direnekin konektatzen. Urte askoan porlanaren kultura gailendu da hemen, ibai ertzak zolatzeko, ibaiak bideratzeko eta lurperatzeko kultura, eta orain, klima-aldaketaren agertokian, ikusten ari gara ezin dugula ibaiak hodi bihurtzen jarraitu, gero eta gehiago direlako horri lotutako hondamendiak. Ibai-lautada ibaiarentzat lagatzen badugu, uholde baten inpaktua murrizten da, eta uholde horri lotutako kalteak ere bai.
• Konexio horrek ez du erraza ematen uholdeetan kaltetu direnekin elkartutakoan. Ala?
Altzolan ikusi genuen beren bizipenak kontatzeko gogo handia dutela herritarrek. Hori gertatzen da zientzia komunitatea, tokian tokiko administrazioak eta herritarrak ez direlako elkarrekin jardun urte askoan.
• Zer ezaugarritako presei eragiten die zuen proiektuak? Zeintzuk dira bota nahi dituzuenak?
Gipuzkoa osoan 1.000 bat presa daude eta horietako %70 inguru obsoleto daude. Deba ibaian bota nahi ditugunak ere ez dira erabiltzen eta hamar dira: Altzolabekoa Elgoibarren, Santanakoa Mendaron, Soraluzeko lau, Bergaran bi eta Arrasaten beste bi [udan botako dituzte Altzolabekoa eta Mendarokoa]. Zentral hidroelektrikoei lotutako presak ustiatzeko baimenak urte askorakoak izaten dira normalean eta Soraluzen badute halako bat ere, bota ezin duguna. Presak duen saltoaren arabera, energia gehiago edo gutxiago sortzen da eta 2-5 metro arteko altuera dutenetan energia oso gutxi sortzen da. Gipuzkoan 50 bat zentral hidroelektriko daude eta lau haize-errotak beste energia sortzen dute. Egia da, orain, krisi energetikoaren testuinguruan, zentral hidroelektriko bat daukana etekin handia ari dela lortzen sortzen duen energia gutxi horrekin, baina egoera hau oso puntuala da.
• Ibaiak zatituta ditugu. Zertan du eragina horrek?
Kalterik agerikoena da espezieek, adibidez izokinek eta amuarrainek, ezin dutela ibaian gora egin arrautzak errutera, eta horrek espezie horien
desagertzea dakarrela. Baina horrek ekosistema oso batean dauka eragina, arrain horietaz elikatzen diren hegaztiak ere badaudelako. Era berean, ibaia zatituta egoteak mikroorganismoetan ere badauka eragina. Ibaiek autoarazteko gaitasuna dute, hau da, inpaktuak xurgatzeko gaitasuna dute, baina gaitasun hori oso lotua dago beren osasunari. Eta presek ibaiaren osasunari kalte egiten diote, ez dutelako uzten behar bezalako landaredia sortzen. Guri gertatzen zaigun gauza bera gertatzen zaie: ondo elikatuta eta osasuntsu dagoen pertsona bat hozten baldin bada, beharbada ez du hotzeriarik harrapatuko.
• Nola eragiten dute presek uholdeetan?
Zubien zutabeek eragiten duten bezala, presek ere bai. Presa handietan (urtegiak) kontrola dezakegu iristen den ura, bai eta urtegiaren
edukiera ere, ateak zabalduta edo itxita. Baina beste hauetan, presa txikiagoetan, ura beti ari da irteten goitik, eta saltoa handia denean,
uholde arriskua handitu egiten da. Ibaia hazita datorrenean, uraren maila asko igo daiteke salto hori dagoen lekuan. Horrez gain, ibaiak zolatzen
ditugunean gainazala lautu egiten dugu eta urak ez du izaten bidean zeren kontra jo, ez du harririk eta topatzen, eta ondorioz, urak abiadura biziagoa hartzen du. Horregatik zubiak ere bota izan ditu urak. Garbi dago Deban bota nahi ditugun presak ez direla Artikutzan hustu zuten urtegiaren parekoak, baina garbi dugu Altzolakoa botatzeak uholde arriskua txikituko duela [Segurtasun arazoak zituelako eta ez zelako erabiltzen hustu zuten Artikutzakoa 2019an, ingurua 70 urte lehenagoko egoerara itzultzeko]. Presak zenbat eta altuera handiagoa izan, eragin positiboa
handiagoa izango da. Mendarokoa kentzeak ez du alde horretan onura zuzenik izango, 0,35 metroko altuera duelako.
• Deba ibaian bertan landaredia asko hazi da eta sedimentu asko pilatu dira. Sedimentu horiek ez diote urari lekua kendu?
Ez. Sedimentuak beharrezko ditugu. Ibaian bizi diren mikroorganismoetako asko sedimentuetan bizi dira, eta sedimentu horiek ez baleude, mikroorganismo horiek hoditeriak hondatuko lituzkete. Gainera, ezin ditugu ibaiak tuberia bihurtu, ura eraman baino gehiago egiten dutelako.
ELKARRIZKETA osorik BARREN aldizkariaren 1244. zenbakian -PDF-