Hondakin organikoen bilketa indartzeko industrialdeetara bisitak egingo ditu Mankomunitateak

Barren.eus 2022ko mai. 23a, 08:20

Hondakin organikoen bilketa indartzeko aurrez aurreko bisitak egiten ari da Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatea. Zehazki, jangela propioa duten enpresak, industrialdeetan kokatuta dauden eta hondakin organiko ugari sortzen dituzten enpresak eta industrialdeetako jatetxeak bisitatzen ari da.

2020an, materia organikoaren gaikako bilketa sustatzeko kanpaina bat egin zuen Mankomunitateak 169 fruta-dendatan, pintxoak dituzten tabernetan eta jatetxeetan, haien beharrak entzun eta hondakin organikoak birziklatzeko erraztasunak eskaintzeko. Egindako lanari jarraipena emateko, eta materia organikoaren gaikako bilketa sektore gehiagotan sustatzeko, 2022ko maiatzean, Mankomunitateak eskualdeko enpresetan eta industrialdeetan hondakin organikoen gaikako bilketa sustatzeko ekintzak burutuko ditu.

Ekintza horien baitan daude eskualdeko enpresetara egiten ari diren bisitak. Mankomunitatetik jakitera eman dutenez, bisiten helburua da enpresek dituzten zerbitzuak baloratzea eta gaikako bilketa hobetzeko dituzten beharrak identifikatzea, batez ere hondakin organikoei dagokienean, papera eta ontzi arinak jasotzeko kudeatzaile propioak izaten baitituzte, oro har.

Joan den astean Iosu Arraiz Mankomunitateko presidentea bera izan zen bisitetako batzuk egiten, Vermican enpresako ingurumen-hezitzailearekin batera, besteak beste, Teknikerren eta Idekon. “Debabarrena eskualdean enpresa sare garrantzitsua daukagu, eta gehienak jasangarritasunaren aldeko urratsak egiten ari dira azken urteetan. Mankomunitatetik lanean dihardugu gizarteko kolektibo guztiengan birziklapen ohitura egokiak sustatzen”, gogorarazi zuen Arraizek.

 • Bigarrena, ekainean
Mankomunitatetik esandakoaren arabera, lehen bisita horiek harrera ona izaten ari dira, hondakinen arduradunek interesa erakusten baitute gaikako bilketa hobetzeko eman ditzaketen pausuetan.
Ekainean, berriz, bigarren bisita egingo dute eta lehen bisitan adostutako baliabideak emango dizkie hala eskatu dutenei, organikoa jasotzeko edukiontzi berriak, tamaina jakin bateko edukiontzi marroiak eta beste.

Debabarrenako Mankomunitatetik gogora ekarri dute eskualdean gaikako bilketa hobetzeko hainbat ekimen egin dituztela, "herritar guztien eta eskualdeko sektore eta eragileen inplikazioa sustatzeko". Ikastetxeetan ematen ari diren ingurumen hezkuntza saioak, eta eskualdeko saltokientzako egin duten "Hemen ondo birziklatzen dugu” kanpaina aipatu dituzte adibidetzat. Eta baita Eibarren martxan jarri duten proiektu pilotu bat ere, jantokietan elikagaiak alferrik ez xahutzeko helburua duena.

Mankomunitateak 221 tona organiko bildu zituen gaika Debabarreneko industrialdeetan 2021ean, zehazki Mallabia, Eibar, Elgoibar eta Mendaroko enpresetan. Biztanleko 2,90 kg-ren baliokidea da kopurua. Gaur egun biohondakinak bereizita biltzen dituzten enpresen artean daude fruta-biltegiak, industrialdeetan kokatutako jatetxeak eta jantoki propioa duten enpresak.