Proba irabazi zuen Asier Larruzea Fernandez gueñestarrak 36 minutuko langatik jaitsi, eta 35:59an ezarri zuen errekor berria. Emakumezkoetan Oihana Kortazar izan zen azkarrena (44:05), eta bosgarren postua lortu zuen Ainhoa Lendinezek, 48 minutu eta 54 segundoko denbora eginda. Txindokiko Kilometro Bertikala 2011n jokatu zuten azkeneko aldiz, Larraiztik. Bigarren aro honi ekiteko Igone Campos zumarragarra eta Janire Agirre ataundarra, mendi korrikalariak biak, aritu dira antolaketa lanetan. Korrikalariak banan-banan irten ziren, 30 segundoko tartearekin. Larraizko aparkalekutik abiatu, eta Txindokiko gailurreraino igo behar zuten. Luzean 4,1 kilometro da, baina 933 metroko desnibel positiboa dauka. Lehenik, pistan 1,1 km egin zituzten, ezkerrera bidezidorra hartu eta Oriako iturrira (2,9.km) iristeko. Kontrola zuten zain han, eta Tximistan gora segi behar zuten gero, Txindokiren tontorreraino (1.346 m.) ailegatu arte. (ikus hemen lasterketaren laburpen-bideoa)
• Zegama-Aizkorri mendi maratoia, domekan
Domeka honetan, maiatzaren 29an, jokatuko dute XXI.en Zegama-Aizkorri Mendi Maratoi entzutetsua. Bi urteko geldialdiaren ondoren, inoizko izen emate kopururik handiena izan du mendi maratoiak, eta 550 korrikalari arituko dira lehian. Izena emandakoen artean daude bi elgoibartar: Ioritz Conde eta Gorka De La Horra. Parte hartzekoa da Zegama-Aizkorri bederatzi aldiz irabazi duen Kilian Jornet ere. Aizkorri mendizerraren bi isurietatik iragaten den Zegama-Aizkorriko ibilbideak 42,195 kilometroko luzera du eta metatutako desnibela 5.472 metrokoa da.