Era berean, hezkuntza formala eta ez formala uztartu nahi dituzte, udal mailan hezkuntza beharrei era kohesionatuan erantzun eta elkarlanean eta konfiantzaz Elgoibarko hezkuntza komunitatea indartu eta sustatzeko. Erronken artean, ondorengoak zehaztu dituzte: haurren kapital kulturala eta soziala indartzea, egon daitezkeen ezberdintasunak orekatuz eta inklusioan aurrerapausoak emateko; aisialdiak ematen dituen aukerak baliatzea, modu integratuan eta orekatuan landuz; eta komunitatean haur guztien parte-hartzea ahalbidetzea Elgoibar herri integratzaileagoa egiteko eta herritar aktiboak izan daitezela sustatzeko.
Hezkuntza Mahaiaren parte dira Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Sailaren zinegotzia eta teknikaria, Kirol Patronatuaren Lehendakaria eta Zuzendaria, eta Herri Eskolako, Elgoibar Ikastolako, Musika Eskolako, Udal Ludotekako eta Atxutxiamaikako ordezkariak.
Maialen Gurrutxaga Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Saiaren Zinegotziak nabarmendu du foro berri honek ahalbidetuko duela “koordinazioa eta kohesioa hobetzea, zeharka eginez lan, familiengana hobeto iristeko eta haurren garapenean zentzu berdinean eragiteko. Hezkuntza da etorkizuneko herri indartsu eta garatu baten oinarrizko alea. Berebiziko garrantzia du kalitatezkoa eta inklusiboa den hezkuntza eskaintza saretzeak”.
Hilean behin batuko direla jakinarazi dute, irailetik aurrera hastapen dokumentuan zehaztutako lan lerroak garatzen hasi ahal izateko.