Pandemia bizi izan dute, entseatzeko zailtasunak, musikari aldaketak... baina hala ere, Debabarrenako Orkestrako kideak pozik igo ziren domekan Herriko Antzokiko oholtzara. 23 musikari izan ziren oholtzan, Iñigo Cearsoloren zuzendaritzapean. "Pozik" azaldu zen zuzendaria kontzertu amaieran, eta musikari guztiak zoriondu zituen, musutruk egiten duten lanagatik.
"2018an azken kontzertua eman genuenetik gorabehera asko bizi izan ditugu orkestran. Goitik behera eraberritu behar izan dugu ia. Lagun askok laga behar izan zuten orkestra, eta berriak etorri dra haien lekura. Ia zerotik berreraiki behar izan dugu taldea, eta jendaurreko lehen emanaldi honetan ondo moldatu garela ikusita, gainditu dugu itzuleraren erronka, eta pozik gaude, jarraitzeko gogoarekin. Momentu gozoa bizitzen ari gara. Kontzertuan ere aipatu nuen, eta orain berriz aipatu nahi nuke, demaseko ahalegina egiten dutelako orkestrako kideek bertako partaide izateko. Pentsa, ezer kobratu ez arren, Elgoibar, Eibar, Deba, Zumaia, Zestoa, Elorrio, Durango, Bergara eta Oñatitiko musikariok osatzen dugu taldea, barren!", esan du Cearsolok.
Hilean bi entsegu egiten dituzte, ordu eta erdikoak.
Era berean, Inazio Bereziartua musika eskolaren lana ere nabarmendu du, "harrobi ezinhobea sortzen ari delako. Begi bistan daude emaitzak, gurekin ari diren musikari lgoibartarrak bertan ikasiak baitira". Kide izan nahi duten musikarientzako ateak zabalik dituztela gehitu du. 2017ko azaroan hartu zuen Cearsolok Debabarreneko orkestraren ardura.
Argazkiak: J.R. Cabrera.